Neurri-multzoak lau lehentasun ditu: oinarrizko gaitasunen aloreko lorpenak hobetzea, tresna digitalak eta adimen artifizialekoak aprobetxatzea, irakasle-lanbidea indartzea, eta irakasleen hezkuntza eta prestakuntza arinagoak eta estrategikoagoak izan daitezen lortzea.

Azaroko lehen astean, Europako Batzordeak hezkuntzari eta gaitasunei buruzko neurri-multzo bat aurkeztu du, oinarrizko gaitasunen gainbehera alderantzikatzeko, eskolei laguntzeko AA eta teknologia digitalak ikaskuntzan erabiltzen, eta irakasle-eskasiari aurre egiteko.

Neurri-multzoak lau lehentasun ditu: oinarrizko gaitasunen alorreko lorpenak handitzea, tresna digitalak eta adimen artifizialekoak hezkuntzan aprobetxatzea, irakasle-lanbidea indartzea, eta lortzea lanbide hezkuntza eta prestakuntza (LHP) arinagoak eta estrategikoagoak izan daitezen eta hobeki konektaturik egon daitezen. Lan-merkatuaren premia aldakorrak ere islatzen ditu. Premia horiei hobeki heldu behar zaie hezkuntza-sistemetan, Europaren lehiakortasuna eta erresilientzia demokratikoa babesteko.

Ekimen zehatzen artean, Batzordeak hauxe aurkeztu du: Kontseiluaren Gomendioa oinarrizko gaitasunen gainbehera alderantzikatzeko. Gomendioak proposatzen du erreformak eta inbertsioak helburu hauetara bideratu daitezela: oinarrizko gaitasunen arloko lorpenak handitzea, ikastetxeei eta irakasleei jarduteko autonomia ematea, egiaztatutako datuetan oinarritutako praktikak indartzea eta eskola-mailako laguntza hobetzea.

Europako Eskolen Aliantzek estatu kideetako eskolak eta eskola-agintariak bilduko dituzte epe luzerako elkarteetan, ikasleen emaitzak gutxienez ere oinarrizko trebetasun batean hobetzeko. Aliantza bakoitzak hobekuntza-plan neurgarri bat izanen du. Erasmus+ dagoeneko prestatzen ari da, Europako Eskolen Aliantzak hedatzeko; izan ere, 2027tik aurrera berariazko laguntza bat emanen die eskolei eta eskola-agintariei. Helburua da hurrengo urte anitzeko finantza esparruan (UAFE) urtean ehun aliantza arte gehitzea.

2027tik aurrera, EBko Aholkularitza eta Laguntza Zerbitzuen Sarea abian jarriko da, eta hark nazioetako eta eskualdeetako zerbitzuak konektatuko ditu, eskolei ematen zaien laguntza praktikoa indartzeko zenbait alorretan: lidergoa, ongizatea, prestakuntza digitala, adimen artifiziala eta gurasoekiko lankidetza. Gainera, hogeita hamar eskualde-zerbitzu jarriko dira abian, Erasmus+ programaren finantza-laguntzarekin.

Erabilera hobea eta seguruagoa 

Azaroaren 3an, Batzordeak Hezkuntzarako Europako Azpiegitura Digitalen Partzuergoa (EDU-EDIC) sortu zuen, zortzi estatu kide sortzailek eskatuta. EDU-EDICek Europako subiranotasun teknologikoa indartuko du hezkuntzan, eta baliabide eta ezagutza espezializatuak jarriko ditu denen eskura, eskolendako konfiantzazko zerbitzuak hedatzearren, hala zerbitzu digitalak, nola adimen artifizialekoak; hezkuntza-erakundeen artean datu-truke segurua posible egitearren, eta hezkuntza-teknologiako Europako enpresei (EdTech) laguntzearren eskolei zerbitzu hobea ematen mugetan barrena. Horrek indartzen ditu Europak hezkuntzaren arloan dituen gaitasun eta subiranotasun teknologikoak.

Irakasle-lanbidea erakargarriago izatea eta hark babes gehiago jasotzea

Batzordeak, halaber, Irakasle-lanbidearen erakargarritasunari buruzko Kontseiluaren Gomendio bat proposatu du (EBko Irakasleen Agenda). Estatu kideei eskatzen die irakasle-eskasiari aurre egiteko, karrera eta lan-baldintza erakargarriak eskainiz, hasierako hezkuntza eta garapen profesional sendoago batzuk garatuz, eta irakasleei protagonismo handiagoa emanez adimen artifizialaren erabileran.

EBk laguntza handiagoa ematea hezkuntza modernizatzeko

Lanbide Hezkuntza eta Prestakuntza (LHP) funtsezkoa da pertsonei egungo ekonomian behar dituzten gaitasunak emateko. Ikasleei gaitasun praktikoak eta enplegurako prestatuak ematen dizkie, langile asko eskatzen dituzten sektore hauei begira: energia, fabrikazioa, osasun-laguntza, defentsa, eraikuntza…

Europako LHPko estrategiak ikasleei lagunduko die berrikuntza eta hazkundea bultzatzeko gaitasunak lortzen, abangoardiako teknologia erabiltzeko prestakuntzaren bidez; halaber, sarbidea emanen die epe luzerako balioko duten karreretara.

Informazio gehiago