EBk 2011n onetsi zuen zigilua, Europar Batasunak eraikin, monumentu eta agiri sinbolikoak aintzatesteko.
Europako Batzordeak proposatu du Europako Ondarearen Zigiluaren esparru juridikoa berritzea eta indartzea. 2011n onetsi zen eskema, Europar Batasunak aparteko balio sinbolikoa duten guneak (eraikinak, monumentuak, agiriak) aintzatesteko. Izan ere, halako guneak funtsezkoak izan dira Europaren historia, kultura eta integrazioa taxutzeko orduan.
Proposamenaren helburua da ekimenari beste bultzada bat ematea, eta Europako dimentsioa indartzea, guneen sare bizi bat erakutsita. Gune horiek guztiek Europaren historia kontatzen dute, eta aintzatespen handiagoa ematen zaie gune horiek eskaintzen dituzten esperientzia kulturalei.
Horretarako, besteak beste, ekintzari izena aldatzea proposatu da, Europako Ondarearen Zerrenda izan dadin, Europako Ondarearen Zigilua beharrean.
Hautatutako guneak
Proposamenaren arabera, sari bat emanen litzaieke lurraldean inpaktua izateagatik hautatutako eta gainbegiratutako guneei, eta zenbait neurri hartuko lirateke ikusgarritasun, laguntza eta koordinazio handiagoa bermatzeko. Esparru berriak zentroen partaidetza eta baterako lana erraztuko luke, gazteei ahots sendoagoa emanen lieke, eta hautaketa- eta jarraipen-prozesuan aldaketak ekarriko lituzke, irizpide eta prozedura argiagoak ezarrita.
Proposamenaren helburuetako bat da Europako herritarrek hobeki ulertzea Europaren historia eta Batasuna eraikitzeko prozesua. Halaber, espero da gune horien eskualdeen erakargarritasuna handitzea eta lagungarria izatea ekonomikoki eta modu jasangarrian garatzeko, bereziki kultura-turismoaren bidez. Gainera, Islandiako, Liechtensteingo eta Norvegiako guneak ere aintzatetsiko dira Europako Ondarearen Zerrendaren bidez, baita EBn sartzeko hautagai diren herrialdeetakoak ere, Creative Europe programari edo ondorengo programei loturik badaude.
Hurrengo etapak
Batzordearen proposamena Europako Parlamentuan eta Kontseiluan negoziatuko da orain.
Aurrekariak
Gaur egun, Europako Ondarearen Zigiluak 80 gune lotzen ditu, 300 leku baino gehiagotan banatuta, 23 estatu kidetan.
EBren Europa Creative programaren laguntzarekin, 2011n Europako Ondarearen Zigilua sortu zen.