Europako Itun Berdea

Klimaren aldetik neutroa den lehen kontinentea izateko ahalegintzen ari gara

Europako Itun Berdeak ezartzen du nola bihurtu Europa klimaren aldetik neutroa den lehen kontinente 2050ean, betiere ekonomia sustatuz, herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetuz, natura babestuz eta inor atzean utzi gabe

Klima aldaketa eta ingurumenaren degradazioa arrisku existentzialak dira, Europak eta munduko gainerako herrialdeek aurre egin behar diotena. Erronka horiei aurre egiteko, Europako Itun Berdeak EB ekonomia moderno bihurtuko du, eraginkorra baliabideen erabileran eta lehiakorra, honako hau bermatuz:

  • 2050rako jada berotegi efektuko gasen emisio netorik ez egitea.

  • hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik bereizita egotea.

  • atzean geratzen den pertsona edo tokirik ez egotea.

Europako Itun Berdea gure salbamendua ere bada, COVID-19aren pandemiatik irteteko. NextGenerationEU susperraldi planeko 1,8 bilioi euroko inbertsioen heren batek eta EBko zazpi urteko aurrekontuak Europako Itun Berdea finantzatuko dute.

Kronologia

Ekintzak

Europako Itun Berdeak ekintza plan bat ezartzen du honako hauetarako:

  • baliabideen erabilera eraginkorra bultzatzea, eta horretarako, ekonomia garbi eta zirkular batera igarotzea

  • biodibertsitatea leheneratzea eta kutsadura murriztea.

Planak beharrezko inbertsioak eta eskura dauden finantzaketa baliabideak deskribatzen ditu. Trantsizio bidezkoa eta inklusiboa nola bermatu azaltzen du.

EBren asmoa 2050ean klimaren aldetik neutroa izatea da. Klimaren Europako Lege bat proposatu dugu, konpromiso politiko hori legezko betebehar bihurtu dadin.

Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa izanen da gure ekonomiaren sektore guztietan jardutea:

  • ingurumena errespetatzen duten teknologietan inbertitzea

  • industriari laguntzea, berrikuntza txerta dezan

  • garraio publiko eta pribatuko sistema garbiagoak, merkeagoak eta osasungarriagoak antolatzea

  • energiaren sektorea deskarbonizatzea

  • bermatzea eraikinek energia efizientzia handiagoa izanen dutela

  • nazioarteko kideekin lankidetzan aritzea, mundu mailako ingurumen arauak hobetzeko.

EBk finantza laguntza eta laguntza teknikoa ere emanen ditu ekonomia berderako trantsizioak gehien eragiten dien pertsona, enpresa eta eskualdeei laguntzeko. Bidezko Trantsiziorako Mekanismo deritzo horri. 2021-2027 aldian eskualde kaltetuenetan 100.000 milioi euro mobilizatzen lagunduko du, gutxienez.

Jarduketa esparruak

Biodibertsitateari buruzko 2030erako Estrategia

EBren Biodibertsitateari buruzko 2030erako Estrategia

EBk biodibertsitatearen arloan 2030erako duen estrategia epe luzera natura babesteko eta ekosistemen degradazioa atzeratzeko plan zabala eta asmo handikoa da. Europako biodibertsitatea leheneratzearen bidean jarri nahi du Estrategiak, hemendik 2030era, neurri eta konpromiso zehatzen bidez.

EBk 2020tik aurrera dibertsitate biologikoaren mundu mailako esparruari buruz nazioarteko hurrengo negoziazioetan parte hartzeko egiten duen proposamena da. Gainera, Europako Itun Berdearen funtsezko osagai gisa, leheneratze ekologikoa sustatuko du, COVID-19aren pandemiaren ondoren.

Helburuak

Biodibertsitateari buruzko Estrategiak Europako biodibertsitatea leheneratzearen bidean jarriko du, hemendik 2030era, pertsonen, klimaren eta planetaren onurarako.
COVID-19aren ondoko testuinguruan, estrategiaren asmoa gure gizarteen erresilientzia indartzea da etorkizuneko arriskuen aurrean, hala nola:

  • klima aldaketaren ondorioak
  • baso suteak
  • elikagaien segurtasun falta
  • gaixotasunen agerraldiak, batez ere, fauna basatia babestuz eta espezie basatien legez kontrako merkataritzaren aurka eginez.

Neurriak

Estrategiak zenbait konpromiso eta neurri zehatz jasotzen ditu, hemendik 2030era bitartean.

  • EB guztian lurreko eta itsasoko gune babestuen sare zabalagoan ezartzea

EBk lehendik dauden Natura 2000 eremuak handitu eta biodibertsitate eta balio klimatiko handia dutenak zorroztasunez babestuko ditu.

  • EBn natura leheneratzeko plan bat abian jartzea

Neurri eta konpromiso zehatzen bidez, EBk ekosistema degradatuak leheneratu nahi ditu hemendik 2030era bitartean, eta modu jasangarrian kudeatu nahi ditu, biodibertsitate galerako funtsezko faktoreetan arreta jarriz.

Planaren barruan, Batzordeak natura leheneratzeko helburu batzuei izaera loteslea ematea proposatuko du; helburu horiek hemendik 2021aren amaierara bitartean lortu beharko dira.

  • Beharrezko aldaketa eraldatzailea ahalbidetuko duten neurriak jasotzea

Estrategiak biodibertsitaterako funtsak askatzea nabarmendu eta gobernantza esparru indartu berri bat jasotzen du, honako helburu hauek lortzeko:

    • aplikazio hobea bermatzea eta aurrerapenen jarraipena egitea
    • ezagutzak, finantzaketa eta inbertsioak hobetzea
    • natura gehiago errespetatzea, erabaki publikoak eta enpresa erabakiak hartzeko orduan
  • Neurriak hartzea biodibertsitatearen mundu erronkari aurre egiteko

Neurriek agerian utziko dute EB eredugarri izateko prest dagoela, biodibertsitatearen mundu mailako krisiari aurre egiteko orduan. Zehazki, biodiertsitatearen mundu esparru bat –asmo handikoa– onartzeko lan egin behar da, Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenaren babesean.

Klima ekintzarako finantzaketa

EBren aurrekontuak EBren klima helburuei laguntzen die, aurrekontuko programa gehienen bitartez. Klimaren aldeko Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia bi alderditan zentratzen da:

  • Zerbitzu nagusiei laguntzea ekintza klimatikoa EBko gastu programetan sartzen, EBko aurrekontuaren % 20, gutxienez, erlazionatuta egotea lortzeko helburua barne.
  • 864 milioi euroko programa bat kudeatzea (LIFE klimaren aldeko ekintza), erronka klimatikoei erantzuteko modu berritzaileak garatu eta ezartzeko.

EBko aurrekontu baliabideez gain, Klimaren Zuzendaritza Nagusiak NER 300 programa ere kudeatzen du, karbonotan baxua den energia frogatzeko proiektu berritzaileetarako.