Turismoak EBko balio erantsi gordinaren % 10 ematen du, 20 milioi lanpostu baino gehiago babesten ditu eta 5 milioi enpresa barne hartzen ditu; horietatik % 99 enpresa txiki eta ertainak dira (ETEak).

Europako Batzordeak EBko turismo jasangarriko estrategia bat aurkeztu du gaur, sektorearen lehiakortasuna, jasangarritasuna eta erresilientzia handitzeko. Estrategiak enpresei hazten lagunduko die, eta langileei, berriz, gaitasunak garatzen. Bestalde, helmugei laguntza emanen die turismo-eskaintza orekatua garatu dezaten eta bidaiariek esperientzia hobeak izan ditzaten. Helburua da Europak jarraitzea munduko helmuga turistiko nagusia izaten.

Turismoa Europako ekonomiaren funtsezko alderdia da. EBko balio erantsi gordinaren % 10eko ekarpena egiten du, 20 milioi lanpostu baino gehiago babesten ditu eta 5 milioi enpresa barne hartzen ditu; horietatik % 99 enpresa txiki eta ertainak dira (ETEak). Turismoak tokiko ekonomiak sustatzen ditu EB osoan; gainera, kultura landu, eta Europaren mundu-mailako eragina eratzen du.

Aldi berean, gaur egungo munduan, sektore turistikoak hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola ziurgabetasun geopolitikoari, gaitasun eta talentu eskasiari, klima-aldaketaren ondorioei eta bidaiarien itxaropenen aldaketari. Europako turismo-sektoreak jada frogatu du erresilientea dela, eta europarrek bidaiatzeko gogo handia dute oraindik ere: % 76 bidaia bat antolatzen ari da datozen sei hilabeteetarako.

EBko Turismo Akademia

Partekatutako erronkek ikuspegi partekatua eskatzen dute. Beraz, estrategiak turismo-enpresei —bereziki ETEei— eta helmugak kudeatzeko erakundeei lagunduko die zenbait gaitasun, tresna digital eta datu eskuratzen, modu jasangarrian berritu eta hazteko. Halaber, saiatuko da beharrezkoak ez diren administrazio-oztopoak murrizten. Hauek dira ekimen garrantzitsuenetako batzuk: EBko Turismo Akademia, Europako Turismo Behatokia, Datu Turistikoen Europako Esparru Bateratua, EBn turismoaren alorra sinplifikatzea, eta lanean jarraitzea Europa pitzadurarik gabeko bidaia-espazio bat izan dadin.

Europa, munduko helmuga nagusi

Mundu osoari dagokionez, Europak nazioarteko turisten % 40 inguru hartzen du, eta munduko helmuga nagusia da. Estrategiak are gehiago indartuko du Europak munduan duen erakarpena, nazioartean egiten den lankidetza areagotuz. Ildo horretan sartzen dira nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea —hala nola NBE Turismoarekin eta ELGArekin—, turismoari buruzko solasaldiak egitea funtsezko lankideak diren herrialde eta eskualdeekin, eta Europa sustatzea “Europa helmuga” programaren esparruan. Europako helmugak eta gure kontinentean ezkutuan dauden altxorrak ikusgarriago egiteko, Europako Turismo Hiriburuak sarien edizio gehiago eginen dira.

Estrategia aplikatzeko, EBko Turismo Aliantza berri batek hainbat eragile bilduko ditu: nazio, eskualde eta tokietako agintariak, turismo-enpresak eta alderdi interesdunak. Batzordeak turismoarekin lotutako ekintzak babesten jarraituko du, EBren finantzaketa-programa eta -tresna egokien bidez.

Informazio gehiago