Aro Digitalera moldaturiko Europa

Teknologia digitala hedatzea aldaketa disruptiboa izan da pertsona eta enpresentzat, eta ezinbestekoa da aldaketa horretara egokitzea. Europar Batasunetik, egokitze hori zuzendu nahi da, Europaren asmoak eraginkortasunez lortzen lagunduko duten politiken eta arauen bitartez.

1. Ataria

Aro digitalera moldaturiko Europak eraldaketa digitalera nola moldatu ezartzen du, enpresetan, ikerketan eta berrikuntzan inbertituz, eta datuen babesa erreformatuz, pertsonei teknologia berriak sortzeko beharrezko gaitasunak emanez eta horietara doitzen diren arauak diseinatuz.

Teknologia digitala pertsonen bizitza aldatzen ari da. EBren estrategia digitalaren xedea eraldaketa horrek pertsona eta enpresentzako funtziona dezaten lortzea da, baina hemendik 2050era Europa klimaren aldetik neutroa izan dadin lortzeko xederako lagungarria izateko jomuga ere badu.

Batzordeak Europaren «Hamarkada Digitala» izatea lortu nahi du. Orain, Europak bere subiranotasun digitala finkatu eta arauak ezarri behar ditu, besteenak jarraitu beharrean, datuak, teknologia eta azpiegiturak oinarri hartuta.

2030erako helburu digitalak

Eskubide digitalak

  • Adierazpen askatasuna, informazio anitz, fidagarri eta gardena eskuratu ahal izatea barne

  • Lineako negozio bat ezarri eta kudeatzeko askatasuna

  • Bizitza pribatua eta datu pertsonalak babestea

  • Pertsonen lineako gunean sorkuntza intelektuala babestea

Printzipio digitalak

  • Lineako ingurune seguru eta fidagarria

  • Hezkuntza eta gaitasun digital unibertsalak

  • Ingurumena errespetatzen duten sistema eta baliabide digitalak

  • Administrazioa eta zerbitzu publiko digitalak

  • Gizakian zentratutako algoritmoei aplikatzen ahal zaizkien printzipio etikoak

  • Haurrak babestu eta gaitzea lineako gunean

  • Osasun zerbitzu digitaletarako sarbidea

Elkartze esparru posibleak

6G

Quantum

Klima aldaketari aurre egiteko teknologia

Hurrengo etapak

Batzordeak, laster, eztabaida eta kontsulta prozesu zabal bat jarriko du martxan, baita herritarrekin ere, EBren ikuspegiari eta printzipio digitalei buruz; horretarako, ekintza hauek gauzatuko ditu:

  • printzipio digitalei buruz atzerapenik gabe kontsultatuko du

  • estatu kideekin, Europako Parlamentuarekin, eskualdeetako, ekonomiako eta gizarteko ordezkariekin eta enpresekin eztabaidatu eta lan eginen du 2021ean zehar, komunikazioaren elementu espezifikoei buruz.

  • Iparrorratz Digitalari buruzko foro aldeaniztuna martxan jarriko du

Hitzarmen horretan oinarrituta, Batzordea honako hauek egiten saiatuko da:

  • printzipio digitalei buruz atzerapenik gabe kontsultatuko du

  • printzipio digitalei buruzko erakunde arteko deklarazioa amaitzen, 2021 bukaera baino lehen

Hiru euskarritan funtsatutako ikuspegia

  • Pertsonen zerbitzurako teknologiak:
    • europar guztientzako gaitasun digitaletan inbertituko du
    • pertsonak babestuko ditu arrisku zibernetikoen aurrean (pirateatzea, bahiketa programak, identitate lapurretak eta abar)
    • adimen artifiziala pertsonen eskubideak errespetatuz garatzen dela eta pertsonen konfiantza merezi duela bermatuko du
    • banda zabal ultralasterraren hedapena bizkortuko du EB osoko etxe, eskola eta ospitaleetan
    • Europako superkonputazio gaitasuna handituko du, medikuntzan, garraioan eta ingurumenean irtenbide berritzaileak garatzeko
  • Ekonomia digital justu eta lehiakor bat
    • finantzaketarako eta hedapenerako aukera emanen die sortzen ari diren enpresen eta enpresa txiki berritzaileen eta hazkunde bizkorreko enpresen komunitate dinamiko bati
    • lineako plataformen erantzukizuna indartuko du, zerbitzu digitalen legea proposatuko baitu, eta lineako zerbitzuei buruzko arauak argituko ditu
    • Europar Batasuneko arauak ekonomia digitalerako egokiak direla bermatuko du
    • Europan enpresa guztiak bidezko baldintzetan lehiatzen direla zainduko du
    • kalitate handiko datuetarako sarbidea hobetuko du, eta, aldi berean, datu pertsonal eta labainak babestuko direla bermatuko da.
  • Gizarte irekia, demokratikoa eta jasangarria
    • teknologia erabiliko du Europari klimaren aldetik neutroa izaten laguntzeko hemendik 2050era
    • sektore digitalaren karbono emisioak murriztea
    • herritarrei datuen gaineko kontrol eta babes handiagoa emanen die
    • “osasun datuen Europako gune” bat sortuko du, ikerketa, diagnostiko eta tratamendu espezifikoei bide emateko
    • lineako desinformazioaren aurka eginen du eta hedabideetako edukien dibertsitatea eta fidagarritasuna sustatuko du.

Europa, mundu mailako liderra

Europar Batasuna:

  • ekonomia digitalaren eredu bihurtzen saiatuko da munduan

  • garapen bidean diren ekonomiei digitalizatzen lagunduko die

  • arau digitalak prestatuko ditu eta normalizazio hori nazioartean sustatuko du

EBren estrategia digitalaren onurak

  • Europako herritarrak: teknologiak beren eguneroko bizitza hobetzea bermatuko da

  • Enpresak: bidezko baldintzetan jaio, hazi, berritu eta lehiatzeko gaituko dira

  • Ingurumena: klimaren aldetik neutraltasuna lortuko baita, teknologia digitalen laguntzarekin

2. Ekintzak

  • Adimen artifiziala: Adimen artifizial fidagarriak onura asko ekartzen ahal ditu, hala nola osasun arreta hobea, garraio seguruagoa eta garbiagoa, fabrikazio eraginkorragoa eta energia merkeagoa eta jasangarriagoa. EBk adimen artifizialaren arloan egiten duen planteamenduak teknologia horiek erabiltzeko behar den konfiantza eskainiko die herritarrei, eta aldi berean enpresak horiek garatzera animatuko ditu.

  • Datuen Europako estrategia: Datuen Europako estrategiaren asmoa EB datuek sustatutako gizarte baten lider bihurtzea da. Datuen merkatu bakarra sortuz gero, datuak libreki mugituko dira EBren eta sektoreen artean, enpresen, ikertzaileen eta administrazio publikoen onurarako. Pertsonek, enpresek eta erakundeek gai izan behar dute erabaki hobeak hartzeko, datu pertsonalez bestelako datuek ematen duten ezagutzan funtsatuta. Datu horiek guztien eskura egon behar dute.

  • Europako estrategia industriala: Europak klimaren aldetik neutro eta lider digital izateko trantsizioa jarri du martxan. Europaren industria estrategiak bermatu nahi du Europako industriak norabidea markatuko duela aro berri honetan.

  • Errendimendu handiko informatika: oso konputazio potentzia handia duten sistema informatikoak dira, oso arazo konplexu eta gogorrak ebazteko gaitasuna dutenak.

  • Merkatu Digitalen Legea: plataforma horiek linean zuzen jokatzen dutela bermatzea du helburu. Zerbitzu Digitalen Legearekin batera, Merkatu Digitalen Legea da Europako estrategia digitalaren ardatzetako bat.

  • Zerbitzu Digitalen Legea: Arau berriak proportzionatuak dira, berrikuntza, hazkundea eta lehiakortasuna sustatzen dute, plataforma txikiagoak, ETEak eta enpresa sortu berriak hedatzea errazteaz gain. Erabiltzaileen, plataformen eta administrazio publikoen artean ardura oreka dago, balio europarretan oinarritzen dena eta erdigunean herritarrak jartzen dituena. Arauak:

      • Lineako kontsumitzaileak eta horien oinarrizko eskubideak hobeki babesten dituzte.
      • Lineako plataformetarako gardentasunezko eta kontu-emateko esparru sendoa ezartzen dute.
      • Berrikuntza, hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzen dituzte merkatu bakarrean.
  • Zibersegurtasuna: Europar Batasunak zenbait frontetan egiten du lan, erresilientzia zibernetikoa sustatzeko, gure komunikazioak eta datuak babestuz eta lineako ekonomia eta gizartea seguru mantenduz.

  • Gaitasun Digitalak: Europako Batzordeak erabakita du gaitasun digitalen arrakala jorratzea, baita Europan gaitasun digitalen maila hobetzeko proiektu eta estrategiak sustatzea ere.

  • Konektagarritasuna: Hamarkada Digitalean, konektagarritasunaren helburu nagusia zera da, Europako etxe guztiek abiadura handiko Internet estaldura eskuragarri izatea 2025erako, eta gigabit konektagarritasuna, berriz, 2030erako. Arreta, orain, konektagarritasun zerbitzuetarako arau harmonizatuak izanen dituen Europa bat sortzean jartzen da, onura berberak izan ditzagun, berdin izanik EBko zein tokitan gauden. EBren ekintzak kontsumitzaileei aukera gehiago eskaintzen dizkie, eta fakturak murrizten laguntzen du, baita zerbitzu maila handiagoa ezartzen ere. Hauek dira EBn dagoeneko egin diren ekintzak:

    • Komunikazio elektronikoen Europako kodea sartzea, Europa osoan aplikatu beharreko arau argiak ezartzen dituena
    • 5G eta haririk gabeko antzeko sareak sustatzea, espektro erradioelektrikoari buruzko politika programaren bitartez
    • EBko ibiltaritza tarifen amaiera eta EB barruko komunikazioetarako prezio muga ezartzea
    • Interneten garapenari eta gobernantzari buruzko mundu mailako eztabaidetan buru izatea
  • Europaren Identitate Digitala: Europaren Identitate Digitala eskuragarri egonen da informazio pertsonal jakin bat identifikatu edo berretsi nahi duten EBko herritar, egoiliar eta enpresentzat. EB osoan zerbitzu publikoak zein pribatuak, lineakoak edo lineaz kanpokoak, eskuratzeko erabiltzen ahal da. EBko herritar eta egoiliar guztiek erabiltzen ahal dute zorro digital pertsonala.

3. Testuingurua

2014az geroztik, Batzordeak zenbait urrats eman ditu, datuak maneiatzeko orduan arina den ekonomia bat garatzeko, hala nola:

2018an, Batzordeak lehen aldiz aurkeztu zuen adimen artifizialeko estrategia bat eta estatu kideekin plan koordinatu bat adostu zuen. Adimen artifizialari buruzko goi mailako aditu taldeak adimen artifizial fidagarri baterako jarraibide etikoak aurkeztu zituen 2019ko apirilean, 2020ko otsailaren 19an aurkeztu zuten adimen artifizialerako esparruan oinarrituta.