EBk “Europa bat, merkatu bat” ibilbide-orria aplikatzen jarraituko du, lehiakortasuna bultzatzeko, burokrazia murrizteko eta merkatu bakarrean sakontzeko.
Batzordeak 2027rako lan-programa onartu du gaur. Bertan azaldu du zer ekimen garatuko dituen nagusiki datorren urtean; ekimen horietako batzuk legegintzakoak izanen dira eta beste batzuk ez. Horrekin batera, sinplifikazioari, aplikazioari eta betetzeari buruzko 2026. urteko laburpen-txostena eman du. Txosten horretan azaltzen da zer aurrerapen egin diren EBko arauak sinpleagoak izan daitezen eta tokietan bertan emaitza eraginkorragoak lortu daitezen. Aldaketa handiak gertatzen ari dira une honetan, eta Europar Batasuna bere burua birdefinitzen ari da, Europa independente, seguru eta oparoago bat eraikitzeko.
2027an, Batzordearen egiteko nagusia izanen da gure asmo handiko politikak betetzea, aplikatzea eta betearaztea. Batzordeak «Europa bat, merkatu bat» ibilbide-orria aplikatzen jarraituko du, lehiakortasuna bultzatzeko, merkatu bakarrean sakontzeko, eta Europa osoan burokrazia murriztu, eta hazkundearen aurkako oztopoak gainditzeko. Lan-programak ezartzen du, halaber, Batzordeak gure gizarte-eredu bakarra indartuko duela, mendetasun estrategikoak murriztuko, EBren defentsa indartuko, Ukrainari lagunduko, munduan dituen elkarteak hedatuko, eta demokrazia eta herritarrak babestuko. Ekimen berriak argiak, arinak eta egokiak izanen dira beren helburua lortu ahal izateko.
Gainera, Europako lehentasunak betetzeak esan nahi du bermatzea bere arauek praktikan funtzionatzen dutela, beharrezkoak ez diren kargak ezarri gabe. Urteko txostenak azaltzen du zer aurrerapauso egin diren Europa sinpleago eta lehiakorrago baterako bidean.
Frogen azterketa sendoa eta askotariko alderdi interesdunen konpromiso aktiboa funtsezkoak dira lege eraginkorrak prestatzeko. Aplikazio-elkarrizketetan, Elkargoko kideek zuzenean jardun dute lankidetzan, maila guztietako 1.500 alderdi interesdun baino gehiagorekin. Alderdi horien artean zeuden industriaren, gizarte zibilaren, gizarte-solaskideen, enpresa-elkarteen eta agintari publikoen hainbat ordezkari, maila guztietakoak.
Aldi berean, EBko legeria erritmo lasterrago batez aplikatu da. Batzordeak 874 arau-hauste prozedura hasi zituen (azken hamar urteetako kopururik handiena); 61 auzigai igorri zizkion Justizia Auzitegiari eta finantza-zehapenak eskatu zituen 25 aferatan. Batzordeak 499 arau-hauste prozedura artxibatu zituen, estatu kideek EBko legeria bete baitzuten. Aplikazioa eremu guztietan bizkortzen jarraituko du Batzordeak, bereziki merkatu bakarrean zentratuta.
2027rako lan-programaren funtsezko emaitzak
- Oparotasun eta lehiakortasun jasangarriak sustatzea: Batzordeak neurri koordinatuak hartuko ditu energiaren prezio altuei aurre egiteko, bere ekonomia indartzeko, eta merkatu bakarrerako oztopoak kentzen jarraitzeko; arriskua murriztuz, eta Bankuko lehiakortasun- eta sinplifikazio-neurriei helduz.
- Pertsonei laguntzea, eta gure gizarteak eta gure eredu soziala indartzea: Batzordeak lanean jarraituko du, Europak gizarte-eskubideen printzipio iraunkorrekiko duen konpromisoa indartu eta berresten.
- Defentsako eta segurtasuneko aro berri bat abiaraztea: Batzordeak defentsan inbertitzen jarraituko du. Ukrainari laguntzeko konpromisoari eusten dio, eta Defentsako EB-Ukraina Industria Ituna aplikatzen jarraituko du, EBko eta Ukrainako enpresen arteko lankidetza hobetzeko.
- Gure bizi-kalitateari eustea: Batzordeak lanean jarraituko du klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko. Urari buruzko Europako ekimen bat proposatuko du, gure ur-baliabide garrantzitsuak hobeto kudeatzen laguntzeko, eta bero-boladei buruzko Europako plan bat aurkeztuko du, sektorearteko lana hobetzeko; eta aztertuko du EBren gaitasunak eta ahalmenak nola indartu etorkizuneko krisialdiei aurre egin ahal izateko.
- Demokrazia babestea eta balioak defendatzea: Erromako Ituna sinatu eta hirurogeita hamar urte igaro ondoren, Batzordeak EB osoko pertsonarik adimentsuenak bilduko ditu Europako beste kongresu batean, Europaren etorkizunari buruzko ikuspegi partekatu bati forma ematen laguntzeko.
- Atzerrian ditugun elkarteak eta boterea aprobetxatzea: EBk konfiantzazko elkarteak sortzen jarraituko du, ahuleziak murrizteko eta hornidura-kateak indartzeko.
- Arauak elkarrekin betetzea eta gure Batasuna etorkizunerako prestatzea: Batzordeak berriz ere legegileei dei egiten die, akordio bat lor dezaten 2028-2034 aldiko urte anitzeko hurrengo finantza-esparruari buruz, urtea amaitu baino lehen, helburua izanik prest egotea hura 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzen hasteko.