Gazteen Europako Astea Europako Batzordearen bi urtez behingo kanpaina bat da, eta helburu hauek ditu: gazteen artean herritartasun aktiboa sustatzea, EBk eskaintzen dizkien aukerak ezagutaraztea (Erasmus+ eta Europako Elkartasun Kidegoa programak, esaterako), eta interesatzen zaizkien gaiei buruz dituzten iritziak entzutea.

2024ko edizioa apirilaren 12tik 19ra bitartekoa izan da, Europako hauteskundeak baino bi hilabete lehenago (2024ko ekainaren 6tik 9ra). Beraz, astean zehar bi gai landu dira: demokrazia praktikan jartzea eta gazteek hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia. “Eman ahotsa zure ikuspegiari. Demokrazia martxan” lelopean, hainbat erakundek jarduerak antolatu dituzte, hainbat formatutan (eztabaidak, erakusketak, hitzaldiak, ate irekiko jardunaldiak…), helburu horiek sustatzeko.

Horrela, bada, Nafarroako Gazteriaren Institutuak beste jarduera bat bultzatu du, Gazteen Europako Astearen esparruan. 14 eta 17 urte bitarteko gazteen arteko elkarrizketa izan da, kasu honetan Iruñeko Udalarekin eta Nuevo Futuro Nafarroako elkartearekin lankidetzan antolatua. Elkarrizketa apirilaren 18an izan da, ostegunean, Iruñeko Gaztediaren Etxean. Tailerraren helburua izan da gazteen artean ezagutaraztea zein diren Europako erakundeak, hala nola Europako Parlamentua, Europako Batzordea edo Kontseilu Europarra, zer erabaki politiko hartzen diren eta zer garrantzia duen botoa emateak. Era berean, podcast bat eta horma-irudi bat egin dira, topaketan sortu diren ideia nagusiekin.