Batzordeak Gaitasunen Europako Urtearen amaiera markatu du gaur. Urte horren helburua da pertsonei kalitatezko enpleguetarako behar dituzten gaitasunak eskuratzen laguntzea eta enpresei EBko gaitasunen urritasunari aurre egiten laguntzea. Hori bereziki garrantzitsua da trantsizio ekologiko eta digitaletarako.
Europako Urtean, EBk gaitasunei buruzko 190 ekimen gidatu ditu, eta 2.000 ekintza eta jarduera baino gehiago hartu ditu Europa osoan, milioika pertsona mobilizatuz eta gaitasunak tokiko, eskualdeko eta Europako eskumenen erdigunean kokatuz. Oro har, gaitasunen garapenari buruzko kontzientziazioa % 26tik % 53ra handitu da, Eskubide Sozialen Europako Oinarriari buruzko inkesta baten lehen emaitzen arabera. Inkesta horretan, 12 estatu kidetako 3.500 lagunek hartu zuten parte. Gainera, Gaitasunen Europako Urtearen kanpaina ikusi zuten inkestatuen % 64k esan zuten orain prestakuntza ikastaro bat egiteko prest egonen liratekeela.
Gaitasunen Europako Urteak elkarrizketarako, lankidetzarako eta ekintzarako plataforma bat eskaini zuen erakunde nazionalen eta EBko erakundeen, gizarte solaskideen, hezkuntza eta prestakuntza hornitzaileen, ikasleen, enplegu zerbitzu publikoen eta enpresen artean, Europan garapen profesionaleko eta birziklatzeko kultura jasangarria sortzeko helburuarekin.