Batzordeak informazio eskaera bat igorri dio Xri, Zerbitzu Digitalen Legeari (DSA) jarraikiz. Eskaeraren bidez, xehetasun gehiago lortu nahi dira arlo hauei buruz: Xren edukiak moderatzeko jarduerak eta baliabideak, Xk EBn AA sortzailearen tresnak aplikatzeari dagokionez egindako arriskuen ebaluazioa, eta abian den prozedurak estalitako beste eremu batzuk.

Zehazki, Batzordeak Xri eskatu dio edukiak moderatzeko baliabideei buruzko informazio zehatza eta barne dokumentuak eman ditzala, DSAren esparruan egin zuen azken gardentasun txostena ikusita. Txosten horrek adierazi zuenez, Xk ia % 20 txikitu du edukiak moderatzeko taldea 2023ko urriko aurreko txostenetik, eta Europar Batasuneko hizkuntza estaldura EBko 11tik 7ra murriztu du. Halaber, Batzordeak xehetasun gehiago eskatu ditu arriskuen ebaluazioei eta arintze neurriei buruz, AA sortzailearen tresnek hauteskunde prozesuetan, legez kanpoko edukien hedapenean eta oinarrizko eskubideen babesean duten eraginarekin lotuta.

Xk edukiak moderatzeko baliabideei eta AA sortzaileari buruz eskatutako informazioa eman behar dio Batzordeari 2024ko maiatzaren 17a baino lehen, eta gainerako galderei buruzko informazioari dagokionez, 2024ko maiatzaren 27a baino lehen. DSAren 74.2 artikuluaren arabera, Batzordeak isunak jar ditzake, informazio eskaera bati emandako informazioa okerra, osatugabea edo engainagarria bada. Erantzunik ez badago, Batzordeak erabaki dezake informazioa eskatzea, erabaki bidez. Kasu horretan, ezarritako epean erantzunik ematen ez bada, hertsapen isunak ezartzen ahalko dira.

Informazio gehiago