Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 840.000 lagun baino gehiago hiltzen dira urtero arrisku psikosozialekin lotutako osasun-arazoengatik
Enplegu eta Gizarte Gaietako Batzordeak lege bat egiteko eskatu dio Europako Batzordeari, langileak lanarekin eta laneko estresarekin lotutako arrisku psikosozialetatik babesteko.
Eurodiputatuek gomendio batzuk adostu dituzte EBren lege-proiektu berri baterako. Lege horrek xede izanen luke gutxieneko baldintza batzuk bermatzea lanarekin lotutako arrisku psikosozialak prebenitzeko, ezabatzeko edo murrizteko, kontuan izanik arrisku horiek laneko estresa, akidura eta nahasmendu mental eta fisikoak eragin ditzaketela. Proposamen horren aurretik, inpaktuaren ebaluazioa egin beharko litzateke, eta ebaluazio hori egitean, indarrean dagoen legeria ere aztertu beharko litzateke.
Eurodiputatuek eskatzen dute enplegatzaileei betebehar lotesleak ezarri behar zaizkiela, osasun mentala eta fisikoa babesteko eta lan-baldintza seguru eta duinak bermatzeko. Era berean, eurodiputatuek eskaera egin diete Batzordeari eta EBko herrialdeei esplizituki aitor dezatela gaixotasun profesionalak sortzen direla, lanarekin lotutako arrisku psikosozialen ondorioz.
Legegintzako ekimenaren eskaera onartu egin da, emaitza hauekin: 41 boto alde, 12 aurka eta 4 abstentzio.
Indarkeriaren eta jazarpenaren aurkako politikak
Eurodiputatuek eskatu dute enpresek politikak martxan jarri eta aplikatu ditzatela, langileen duintasunari edo osasun fisiko edo mentalari kalte egiten dieten indarkeria-, jazarpen- eta laneko jazarpen-egoerak eta portaera diskriminatzaileak definitzeko eta debekatzeko, bai eta hirugarrenek eragindako indarkeriaren detekzio goiztiarreko mekanismoak eta indarkeria horrekin lotutako prebentzio-protokoloak ere. Era berean, adierazi dute laguntza egokia eman behar zaiela arrisku psikosozialak jasateko arriskua duten langileei.
Arrisku psikosozialen ebaluazioa eta ekintza-plana
Eurodiputatuek gomendatzen dute enplegatzaileek arrisku psikosozialen aldizkako ebaluazioak egin behar dituztela, hainbat faktore aztertzeko (besteak beste, gehiegizko lan-karga eta lan-intentsitate handia), eta neurri zehatzak jasotzen dituzten ekintza-planak egin behar dituztela. Eurodiputatuen aburuz, erakunde batean berregituraketa edo berrantolaketa esanguratsu bat egiten denean (adibidez, telelanerako akordioak edo erabakiak hartzeko eta gainbegiratzeko sistema automatizatuak txertatzea), lehenik eta behin, arrisku psikosozialen ebaluazioa izan behar da, langileekin eta haien ordezkariekin elkarlanean.