Gazteen %75ek erakunde baten do batzuen jardueretan parte hartu dute asken hamabi hilabeteetan; 2024an berriz, ehuneko hori %64 izan zen. 

Europako Batzordeak Eurobarometroaren inkesta bat argitaratu berri du, eta hartan agerian jartzen da Europako gazteek gero eta konpromiso handiagoa dutela demokraziaren alde, eta nolako ikuspegiak dituzten horri dagokionez. Inkestak, halaber, erakusten du zer kezka nagusi dituzten gazteek, hala nola enplegua eta bizitzaren kostua, eta nolako pertzepzioa duten EBk eguneroko beren bizitzan, gazteriaren arloko politiketan eta belaunaldi arteko ekitatean duen inpaktua. Ondorio horiek sortu dira, hain zuzen ere, 2027. urtearen ondoko aldirako EBren Gazteentzako Estrategia prestatzeko lanen karietara.

Inkesta 15 urtetik 30era bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta erakusten du gazteek konpromiso gero eta handiagoa dutela. Gazteen % 75ek erakunde baten edo batzuen jardueretan parte hartu dute azken hamabi hilabeteetan; 2024an berriz, ehuneko hori % 64 zen. Jarduera horiek, kasu gehienetan, kirol-klub batek antolatzen zituen (% 26), edo gazte-klub edo -elkarte batek (% 20). Inkestatutako gazte gehienek (% 55) gutxienez ekimen batean parte hartu dute aldaketa sozial bat lortzeko, azken urtean; 2024an, zifra hori % 48 zen.

Europako gazte askok —% 60k (2024ko antzeko inkesta batean baino ehuneko 17 gehiago)— baieztatu dute EBko beste herrialde bateko jardueretan parte hartu dutela, hala nola ikasketetan, kultura- eta kirol-trukeetan eta boluntariotzan.

Inkesta hori Batzordearen kanpaina baten esparruan argitaratu da. «Protect What Matters – Our Democracy» (Babestu garrantzitsua dena: gure demokrazia) da kanpainaren izena, eta helburu du herritarrek zeregin aktiboa izan dezaten, EBko demokrazia eratzeari begira. Herritarren Europako talde espezifiko bat —parte-hartzaileen heren bat 16tik 29 urtera bitartekoak dira— zenbait gomendio prestatzen ari da Europan erresilientzia demokratikoa sustatzeko.

Eurobarometroak ere erakusten du inkestatutako gehien-gehienek (% 75) uste dutela EBk hartutako neurriek eragina dutela haien eguneroko bizitzan. Galdetzen zaienean zer espero duten EBtik beren belaunaldiarentzat, gazteek honako hauek aipatzen dituzte maizenik: bakeari eustea (% 33), pobreziaren eta desberdinkeria ekonomiko eta sozialen aurka borrokatzea (% 32) eta gazteentzako enplegu-aukerak handitzea (% 31).

Gainera, EB guztiko gazteek eskatzen dute gazteriaren arloko politiken xede izatea, batez ere, gazteek dituzten benetako arazoak, hala nola enplegu-aukerak eta bizitzaren kostua (% 40). Horren atzetik daude, bestalde, beste eskaera hauek: gazteek eta gazte-erakundeek erabakietan hitza izatea (% 32), finantza-laguntza ematea gazteentzako programa eta ekimenei (% 32) eta bermatzea gazteek jakin dezaten zer politika eta aukera dituzten eskura (% 29).

Azkenik, gazteek uste dute beren iritzia aditzera emateko modu eraginkorrenak hauek direla: hauteskundeetan botoa ematea (% 33) eta sare sozialetan parte hartzea (% 32).

Aurrekariak

Gazteriari eta Demokraziari buruzko Flash Eurobarometroa 2026ko ekainaren 19tik uztailaren 1era bitartean egin zen, eta 15 urtetik 30era bitarteko 26.806 gazteren lagin adierazgarria inkestatu zen, EBko 27 estatuetan. Ordenagailuz lagundutako web-elkarrizketen bidez (CAWI) egin zen inkesta.

Ondorioak funtsezko une batean iritsi dira; izan ere, Batzordea gazte-politikaren hurrengo faserako ari da prestatzen. Eurobarometro honen emaitzak lagungarriak izanen dira 2027. urtearen ondoko aldirako EBren Gazteentzako Estrategiari buruz abian den hausnarketa egiteko, hainbat gairi buruzko frogak eman baititu; besteak beste, nola ikusten duten Europako gazteek bizitza demokratikoan duten parte-hartzea, mugikortasuna, belaunaldien arteko ekitatea eta nolako zeregina duen EBk gazteen etorkizuna konfiguratzen.