Helburua da energia berriztagarriekin funtzionatzen duten ekipoak jartzea erregai fosiletan oinarritutako instalazio termikoen ordez.
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, baimena eman du guztira 2.191.236 euro bideratzeko laguntza-deialdi berri batera, 2027-2028 aldian bizitegi-sektorearen deskarbonizazioan aurrera egiteko.
Horrekin sustatu nahi da energia berriztagarritzat jotzen diren elementuak ezar daitezela instalazio termikoetan, erregai fosiletatik energia sortzeko instalazioen ordez, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduari jarraikiz.
Laguntzak bideratuta daude egokitzapen hori egin nahi duten pertsona fisikoei, jabeen erkidegoei, pertsona fisikoen elkarteei eta etxebizitza-kooperatibei.
Dirulaguntzak ebaluazioaren araubidean emanen dira, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez (Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua).
Berotegi-efektuko gasen iturri nabarmena
Laguntza horiek erantzuna ematen diete 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritako lan-ildoei. Plan horren helburuak dira, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, azken kontsumoetan energia berriztagarriak handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea, isuri kutsatzaileak gutxitzeko.
Bizitegi-sektorea berotegi-efektuko gasen iturri nabarmena da, eta horregatik dira garrantzitsuak eremu horretan ezartzen diren neurriak, sektorearen inpaktua pixkanaka murrizteko. Deialdi honekin, Nafarroako Gobernuak asmoa du klima-neutraltasunaren helbururantz aurrera egiteko, Europar Batasunak asmo hori ezarri baitu 2050erako. Nafarroak helburu horrekin bat egin du Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legearen bidez.