Europako Batzordearen Ikerketa Zentroak (JRC) ohartarazi du mundu osoan milioika pertsona bizi direla egungo klima-baldintzetarako diseinatu ez ziren eraikinetan, eta gero eta beroago bihurtzen ari direla, denborak aurrera egin ahala.
Europako Batzordearen Ikerketa Zentroaren (JRC) azterlan batek eraikinen energia-kalteberatasuna aztertu du mundu osoan, eta erakutsi du non den handiena klimatizatzeko zailak diren eraikinetan bizitzeko arriskua. Gainera, eraikin zahar eta ez hain trinkoak dituzten eremuen munduko lehen mapaketa eskaini du; hain zuzen ere, konfort termikoa emateko energia-eskari handiena dute eraikin horiek.
Horrek guztiak esan nahi du gero eta energia gehiago behar dela eraikinak berotu edo hozteko, horrela, atseginak izateaz gain, bizitzeko seguruak ere izan daitezen, kanpoko tenperaturak jaitsi edo maila arriskutsuetara igo ahala.
Azterlanak erakutsi duenez, 48 milioi pertsona bizi dira eremu kaltebera horietan. 2100. urterako, zifra hori bi edo hiru aldiz handiagoa izan liteke; izan ere, klima-aldaketak munduko eskualde beroenetara eramaten du karga, eta, hain justu, eskualde horiek dira behartsuenak.
Klima-kalteberatasunaren neurri global bat
Scientific Reports de Nature-(e)n argitaratutako azterlan berriak klima-kalteberatasunaren kontzeptu sinplifikatu bat erabili du, konparazio globalak egiteko egokia. Azterlanaren arabera, eraikin baten antzinatasuna eta forma dira aldagai nagusiak, eta eragina dute erosotasun optimoa lortzeko behar den energian.
Hala ere, horiek ez dira faktore bakarrak. Eraikinaren orientazioak, eraikuntza-materialek eta tokiko klimak eragin nabarmena dute, baita, agerikoa denez, berokuntza- eta hozte-sistemen efizientziak ere. Gaur egun alderdi horiek guztiak kontuan hartzea konplexuegia bada ere, JRCko zientzialariek saiakera bat egin dute eraikinen energia-premia konplexuak eta kalteberatasuna modelatzeko. Eredu horrek bertsio sinplifikatua du ardatz, eraikinaren antzinatasuna eta forma konbinatzen dituena datu klimatiko nagusiekin.
Zenbat eta zaharragoa, orduan eta klima-kalteberatasun handiagoa
Eredu horren bidez, JRCko zientzialarien taldeak eremu kalteberak identifikatu ditu, mundu osoko 2.000 milioi eraikinen artean. Mapaketa horri esker, zenbatetsi daiteke non sortzen den batez bestekotik goragoko energia-eskaria, tenperaturen igoeragatik, eta iradoki daiteke eraikinek non beharko luketen premiazko berrikuntza energia-kontsumoa murrizteko.
Konpaktua ez den eraikin batek eguraldi txarraren eraginpean dagoen azalera handiagoa du konpaktu batek baino; horrek esan nahi du neguan bero gehiago galtzen duela eta udan bero handiagoa sartzen zaiola. Zenbat eta handiagoa izan esposiziopeko azalera, orduan eta zailagoa izanen da eraikinetan tenperatura mantentzea.
Klima-arriskuaren kudeaketa Europan
Eraikin berriak ez dira nahitaez efizienteenak, baina mundu mailako eraikin guztien % 43 1980. urtea baino lehen eraiki ziren, energia-efizientziaren arauak, oro har, urriak edo hutsalak zirenean. Litekeena den arren eraikuntza tradizionaletan kalitate hobeko materialak erabili izatea, eraikin berrietan energia-efizientzia ez zen eskakizun bihurtu mende amaierara arte.
Europan oinarritutako ondorengo azterlan batek aldagai gehiago aztertuko ditu, informazio zehatzagoa emateko, hobeki prestatzen laguntzeko eta gure eraikinen klima-kalteberatasun gero eta handiagoari erantzuteko.
Batzordeak Europako Klima Erresilientziarako eta Arriskuen Kudeaketarako Esparru Integratua proposatuko du, estatu kideei klima-aldaketaren inpaktu gero eta handiagoei aurrea hartzen eta prestatzen laguntzeko. Klima-egokitzapenerako ahaleginek Europako tenperaturaren erreferentzia-agertokien eta tresna digitalen laguntza ere izanen dute, hala nola Europako bisore eta nabigatzaile klimatikoa.