EBk 1.400 milioi euro emanen dizkio Ukrainari, Errusiako Banku Zentralaren (BCR) aktibo ibilgetuetatik datozen eskudiru-saldoen interesek sortutako aparteko mozkinetatik.
Diru hori balore-gordailuzain zentralen (CSD) esku dago, eta mota horretako bosgarren transferentzia da; 2026ko martxoan entregatu zen laugarrena. 2026ko lehen seihilekoan pilatutako diru-sarrerak dira. Ibilgetu zirenetik, Errusiako aktiboek guztira 8.000 milioi euroko aparteko mozkinak sortu dituzte.
EBren zehapenak
Errusiak Ukrainari egindako eraso-gerrari erantzunez, EBk, zehapen gisa, Errusiako Banku Zentralaren aktiboak ibilgetu zituen, eta hortik datoz funts horiek. Aktiboak ibilgetuta dauden arren, eskudiru-saldoek sortzen dituzten interesak ez dagozkio Errusiari eta, Batzordeak eta goi-ordezkariak proposatuta, Kontseiluak erabaki zuen mozkin garbi horiek Ukrainari laguntzeko erabiltzea. EBk Ukrainari behar den denboran laguntzeko hartutako konpromisoaren barruan sartzen da neurri hori.
Ukrainari laguntzeko diru-sarreren % 95 Ukrainarendako Maileguen Lankidetza Mekanismoaren bidez (ULCM) emanen dira, eta % 5, aldiz, Bakerako Europako Funtsen bidez (EPF). ULCMk itzuli beharrik gabeko laguntza ematen dio Ukrainari, EBK 2025ean zehar eman zion laguntza makrofinantzarioko mailegua itzultzen laguntzeko, bai eta G7ko herrialdeetako mailegu-emaileek, “aparteko diru-sarrerak azeleratzeko (ERA) maileguak” izeneko ekimenaren esparruan, zuzenean emandako maileguak itzultzen laguntzeko ere. ERA maileguen esparruan, guztira, 45.000 milioi euroko laguntza eman zaio. Bestalde, EPFak laguntza ematen dio Ukrainari, defentsarekin eta arlo militarrarekin lotutako premia larrienei aurre egiteko.
Aurrekariak
Errusiak Ukraina bidegabeki eta modu basatian inbaditu izanari erantzuteko, Europar Batasunak eta haren estatu kideek Errusiaren aurkako neurri murriztaileen –zehapenen– sorta batzuk adostu zituzten.
Zehapen horien barruan, EBn gordailatutako Errusiako Banku Zentralaren (CBR) aktiboak ibilgetu ziren. CBRren eta haren erakunde afiliatuen aktiboekin eta erreserbekin transakzioak egiteko ezarritako debekuaren ondorioz, mugaeguneratu diren finantza-tresnetatik eratorritako eskudirua eta gordailuak metatu egin dira baloreen gordailuzain zentralen (CSD) balantzeetan, eta horrek aparteko sarrerak sortu ditu.