EBko lehorreko eta itsasoko eremuetatik gutxienez % 20 lehengoratzeko neurriak ezartzen ditu Erregelamenduak, hemendik 2030era arte, eta lehengoratzeko beharra duten ekosistemen kasuan, 2050era arte.
Europar Batasuneko Kontseiluak Natura Lehengoratzeari buruzko Erregelamendua onetsi du formalki. Inoiz onetsi duen mota horretako lehen egintza da. Erregelamenduak xede du, hemendik 2030era, EBko lehorreko eta itsasoko eremuetatik gutxienez % 20 lehengoratzeko neurriak ezartzea eta, lehengoratzeko beharra duten ekosistemen kasuan, 2050era arteko neurriak hartzea.
Hala, natura lehengoratzeko helburu eta betebehar zehatzak eta juridikoki lotesleak ezartzen ditu zerrendatutako ekosistema bakoitzean (lurrekoak, itsasokoak, hirikoak nahiz ur gezakoak).
Horien bidez, klima-aldaketa eta hondamendi naturalen ondorioak arintzea du xede Erregelamenduak. Beraz, lagungarria izanen da EBrentzat ingurumenaren arloan dituen nazioarteko konpromisoak bete ditzan eta Europako natura lehengora dadin.
Araudi berriari esker, pausoak emanen dira, batetik, estatu kide guztietako lurreko eta itsasoko habitatetan degradatuta dauden ekosistemak lehengoratzeko; bestetik, EBk klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko dituen helburuak betetzeko, eta, azkenik, elikagaien segurtasuna hobetzeko.
Erregelamenduan, estatu kideei eskatzen zaie, hemendik 2030era, neurriak hartu eta aplika ditzatela EBko lehorreko eta itsasoko eremuen gutxienez % 20 batera lehengoratzeko.
Natura 2000 Sarea
Erregelamenduak hainbat motatako ekosistemak arautzen ditu: lehorrekoak, kostaldekoak eta ur gezakoak, basoetakoak, nekazaritza-eremuetakoak nahiz hirietakoak, baita hezeguneak, larreak, basoak, ibaiak eta lakuak ere (horien artean, itsas landaredizko oheak eta belaki-eta koral-zelaiak).
2030era arte, estatu kideek lehentasuna emanen diete Natura 2000 eremuei, lehengoratze-neurriak aplikatzean.
Erregelamenduak egoera txarrean dauden habitat gisa zerrendatutakoen kasuan, estatu kideek neurriak hartu beharko dituzte honako eremu hauek lehengoratzeko:
- Gutxienez % 30, 2030erako,
- Gutxienez % 60, 2040rako,
- Gutxienez % 90, 2050erako.
Prebentzio-neurriak, gehiago ez hondatzeko
Estatu kideek neurriak hartu beharko dituzte honako ezaugarri hauek dituzten eremuak neurriz gain honda ez daitezen:
- Lehengoratzeari esker egoera onean dauden eremuak,
- Erregelamenduan zerrendatutako lehorreko eta itsasoko habitatak dituzten eremuak.
Polinizatzaileen babesa
Azken hamarkadetan, izugarrizko gainbehera izan du Europan intsektu polinizatzaile basatien ugaritasunak eta dibertsitateak. Arazo horri aurre egiteko, Erregelamenduan, betebehar zehatzak ezartzen dira hemendik 2030era, polinizatzaileen populazioen gainbeherari buelta emateko neurriak ezar daitezen.
Ekosistema jakin batzuetarako neurri espezifikoak
Erregelamenduak betekizun espezifikoak ezartzen ditu ekosistema mota batzuetarako; adibidez, nekazaritza-lurretarako, basoetarako eta hiri-ekosistemetarako.
Estatu kideek neurriak jarri beharko dituzte martxan hiru adierazle hauetatik bi hobetzeko: larreetako tximeleta-populazioa, karbono organikoaren erreserbak laborantza-lurretako lurzoru mineraletan eta dibertsitate handiko paisaia-elementuak dituzten nekazaritza-azaleren proportzioa. Horrez gain, Erregelamendu berrian garrantzi berezia dute baso-hegaztien populazioa handitzeko neurriek eta, halaber, 2030aren amaierara arte, hirietako berdeguneetan eta zuhaitz-estalkietan galera garbirik ez izateko neurriek.
Bestalde, drainatutako zohikaztegiak lehengoratzeko neurriak hartu beharko dituzte estatu kideek, eta hemendik 2030era, EB osoan gutxienez 3.000 milioi zuhaitz gehiago landatzen lagundu beharko dute. Horrez gain, estatu kideek, hemendik 2030era ibaien 25.000 km gutxienez emari libreko ibai bihurtzeko helburuarekin, neurriak hartu beharko dituzte azaleko uren arteko loturen oztopo artifizialak ezabatzeko.
Lehengoratzeko plan nazionalak
Arau berrien arabera, estatu kideek aldez aurretik prestatu beharko dituzte lehengoratzeko plan nazionalak, eta ondoren Batzordeari aurkeztu beharko dizkiote. Plan horietan, helburuak nola lortuko dituzten zehaztu beharko dute. Halaber, egindako aurrerapenak aztertu eta jakinarazi behar dituzte, EB osoan aplikatzen diren biodibertsitate-adierazleetan oinarrituta.