Adierazi du sare sozialak adingabeen kontu publikoen konfigurazio lehenetsia egokitu behar duela, eta iragarri du balitekeela Txinako enpresari isun bat ezartzea, haren urteko fakturazioaren % 6koa.
|
Europako Batzordeak aurretiazko ondorioak bidali dizkio TikToki. Ondorio horien arabera, erabiltzaile adingabeen TikTokeko kontuek ez dituzte betetzen Zerbitzu Digitalen Erregelamenduaren araberako segurtasun-arauak. Sare sozialak erabakia apelatzeko aukera du orain, eta, Bruselak erabakia berretsiko balu, baliteke enpresak isun bat ordaindu behar izatea: urteko fakturazioaren % 6koa, gehienez ere. TikToken, adingabeek beren kontua «publikoa» izatea erabakitzeko aukera dute. Horrek esan nahi du edozein erabiltzailek, baita TikTok konturik ez duen edonork ere, edukia ikus dezakeela. Ezarpen horrek, bestetik, bidea ematen du 16 eta 17 urteko adingabeek argitaratutako edukiak TikTokeko beste edozein erabiltzaileri gomendatzeko, For You kanalaren bidez. Esposizio horren ondorioz, gerta liteke balizko gaizkileek haiekin kontaktatzea adingabekoek hala nahi gabe eta edukiak ziberjazarpenerako baliatzea. Azaldutako ezarpen horrek adingabeen bizitza behatzeko leiho bat eskaintzen die ezezagunei. Gainera, litekeena denez adingabeek argitaratzen dutena betirako gelditzea online eta helduaroan ere haiei eragitea, baliteke adingabe horiek bizi osoan zehar pairatzea ondorioak. Hainbat arriskuAdingabeek kontu pribatuak aukeratzen dituztenean ere, haien kontuak erraz aurki daitezke beste erabiltzaile batzuen «following» eta «followers» zerrenden bidez, eta haien profileko argazkiek eskuragarri jarraitzen dute edonorendako, baita TikTok konturik ez duten erabiltzaileendako ere. TikToken ezarpenek oraindik ere hainbat arrisku ekartzen dizkiete adingabeei, hala nola nahi ez dituzten kontaktuak, ziberjazarpena edo portaera harrapakariak. Kontuen ezarpenak funtsezkoak dira adingabeak online seguru daudela bermatzeko; izan ere, zehazten dute nork ikus dezakeen haien kontuen edukia eta nor jartzen ahal den haiekin harremanetan. Zerbitzu Digitalen Erregelamenduaren arabera, adingabeendako eskuragarriak diren online-plataformek pribatutasun-, segurtasun- eta babes-maila handia bermatu behar dute beren zerbitzuetan. Batzordearen aurretiazko iritzia da TikTokeko kontuen ezarpenek ez dutela arau hori betetzen, adingabeen kontuak eta edukiak modu orokorregian erakusten baitituzte. Batzordearen aurretiazko iritzia ere bada TikTokek adingabeen kontu «publikoen» ezarpen lehenetsia doitu behar duela, Adingabeak babesteari buruzko jarraibideekin bat etorriz,, halako moldez non, besterik adierazi ezean, adingabeak onartu dituen Tiktokeko erabiltzaileek soilik ikusi ahalko duten haren kontu publikoetako edukia. Egia den arren 16 eta 17 urteko adingabeek TikTokeko beren edukiak publiko zabalago batekin partekatzeko aukera dutela, edukiak ez dira inola ere eskuragarri egon behar plataformatik kanpoko jendearendako. Gainera, TikTokek ez dizkie TikTokeko beste erabiltzaile batzuei adingabeen edukiak gomendatu behar For You kanalaren bidez. |