Atzerapenak saihesteko eta trenbiderako aldaketa modala sustatzeko, Europako Parlamentuak behin betiko oniritzia eman die mugaz haraindiko trenbide ahalmenaren koordinazioa indartuko duten EBko arauei.

EBko gobernuek apirilean berretsitako arau berriek trenbide azpiegituraren gaitasunaren plangintza eta esleipena zehazten dituzte EBren esparruan. Helburua da Europako trenbide sarearen erabilera optimizatzea, mugaz haraindiko koordinazioa hobetzea eta puntualtasuna eta fidagarritasuna areagotzea.

Arauen arabera, trenbide azpiegituraren edukieraren plangintza hiru alditan banatuko da: plangintza estrategikoa (bost urtean behin), programazioa (urtean behin) eta egokitzapena. EBko herrialde bakoitzeko azpiegitura kudeatzaileek trenbide azpiegitura eta trafikoa planifikatzeko eta kudeatzeko ardura nagusia izaten jarraituko dute, bai eta erabilgarri dauden espazioak esleitzekoa ere.

EBren ikuskapen handiagoa

Gaur egun, mantentze-lanetan koordinaziorik ez dagoenez eta azpiegituren kudeatzaileen artean lankidetza eskasa dagoenez, pilaketak eta atzerapenak sortzen dira EBren barruko mugetan. Hori dela eta, Azpiegituren Kudeatzaileen Europako Sareak (ENIM) eskumen handiagoak izanen ditu, EBren esparruan mugaz haraindiko gaitasuna eta trafikoa koordinatzeko. Trenbide azpiegituren kudeatzaileen jarduna ikuskatu eta ebaluatuko du, haien errendimendu helburuak EBren helburuekin bat datozela bermatzeko, trenbideko garraioaren sustapena barne.

Gaitasunaren plangintza eta banaketa hobetzeko, eurodiputatuek lortu zuten trenbide enpresek, hala nola trenbide operadoreek edo trenbidearekin lotutako zerbitzuen jabeek, gaitasunari buruzko erabakiak hartzeko prozesuetan duten zeregina indartzea. Europako trenbide plataforma bat sortzen ahalko dute, ENIMrako aholkularitza organo arituko dena.

Zehapenak

Trenbide sareak ahalik eta gehien aprobetxatzen direla bermatzeko, araudiak zehapenak ezartzen ditu esleitutako bideetan konpromisoak errespetatzen ez dituzten eta, ondorioz, sarean eragin nabarmena duten azpiegituren kudeatzaileentzat eta trenbide operadoreentzat. Testuak adierazten du zehapenak eraginkorra, proportzionala, disuasiozkoa eta ez-diskriminatzailea izan beharko duela, eta kilometro bakoitzeko 1 eta 8 euro artekoa izanen dela; gainera, hura bikoizten ahalko da, aldaketaren inpaktuaren arabera.

Eurodiputatuek lortu zuten zehapenak saihesteko salbuespenen kopurua murriztea, eta, besteak beste, honako hauetara mugatu zituzten: ezinbesteko eta larrialdiko zirkunstantzien ondorio diren egoerak, eta krisi egoera baten ondorioz edo ordena publikorako edo segurtasunerako arrisku larri baten ondorioz estatu kideek trenbide ahalmenaren eskubideak aldatzeko hartzen dituzten erabakiak.

Hurrengo urratsak

Arau berriak EBko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean. Indarrean jarri eta hurrengo egunean hasiko dira aplikatzen, baina xedapen batzuk 2028 eta 2031 bitartean aplikatuko dira.

 Informazio gehiago