Europako Batzordeak egiturazko aldaketa aurreratzeko eta kudeatzeko bidea antolatu du: bizitzaren kostua, adimen artifiziala, desberdintasunak murriztea, eta ekitatea eta aukera berdintasuna areagotzea.
Europako Batzordeak Eskubide Sozialen Europako Euskarriari buruzko Komunikazioa onetsi du, zeinak berresten baitu zutabe horrek EBren gizarte armarria eta ekitaterako iparrorratza izaten jarraitzen duela eraldaketa azkarreko garai batean, herritarrak babestu eta ahalduntzen dituen Europaren alde. Komunikazioak EB osoan eskubide sozialak indartzeko egindako aurrerapenak ebaluatzen ditu, eta neurri berrietarako lehentasun zehatzak identifikatzen ditu. Gainera, egiturazko aldaketa aurreratzeko eta kudeatzeko bidea antolatu du, egiten ari diren eraldaketek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko eta Europako gizarte ereduak ekitatea eta oparotasuna ematen jarraituko duela bermatzeko.
Komunikazioak proposatzen du nagusiki hiru eremu lantzea, lan merkatu bidezkoagoak eta ongizate sistema sendoagoak lortzeko premiazko arreta gehigarria behar dutenak:
-
Eskuragarritasunari eta bizitzaren kostuari heltzea
EBren zuzentaraua onetsi zenetik, gutxieneko soldatak nabarmen handitu dira EB osoan, hurrengo jarraipen txostenean azpimarratuko den bezala. Kalitatezko enpleguek erantzun argia ematen diete Europako pertsona askok dituzten zailtasun ekonomikoei.
Lan merkatuak jarraitzen du talentu-potentzial ikaragarria aprobetxatu gabe. Jarduerarik ezetik enplegura igarotzen laguntzea garrantzitsua da, lan merkatuan sartzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko, baita pobrezia eta bazterkeria murrizteko ere.
Horretarako, eta balizko neurri gehigarriak aztertze aldera —subsidiariotasuna erabat errespetatuz—, Batzordea abian jartzen ari da EBko gizarte entitate eta erakunde solaskideei kontsulta egiteko lehen fase bat, jakiteko nola bideratzen ahal den EBren ekintza bat, helburu izanen duena enplegua lortzeko oztopo handiak dituzten pertsonen lan aktibazioa.
-
Adimen artifiziala aprobetxatzea lanaren etorkizunerako eta oparotasun partekaturako
AA azkar garatu eta onartzearen ondorioz, lan merkatuak aldatzen ari dira, eta berrikuntzarako, produktibitaterako, ikaskuntzarako eta hazkunderako aukera handiak eskaintzen dituzte orain. Hala ere, enpleguaren etorkizunari, hezkuntzari, gaitasunei, gizarteratzeari eta zerbitzu publikoei buruzko funtsezko gaiak ere mahaigaineratzen ditu adimen artifizialak.
Komunikazioak aitortzen du Europak aldaketa sakon horietarako prest egon behar duela, eta herritarrek, plantillek eta enpresek AAren potentzialari bete-betean etekina aterako diotela bermatu behar duela. Horretarako, Batzordeak goi mailako talde berri bat sortuko du AAk lan merkatuan duen eraginari buruz.
-
Desberdintasunak murriztea eta ekitatea eta aukera berdintasuna areagotzea
Komunikazioak berretsi egiten du EBk konpromisoa duela gizarte eta lurralde kohesioa ahultzen duten eta EBren epe luzerako jasangarritasuna, berrikuntzarako eta lehiakortasunerako gaitasuna eta sare demografikoa kolokan jartzen dituzten desberdintasun iraunkorrak murrizteko. Azken urteotan aurrerapenak izan badira ere, desberdintasunak daude oraindik bizitzaren eremu guztietan, eta horrek etengabeko ahaleginak eskatzen ditu.
Komunikazioak funtsezko eremuetan aukera berdintasuna hobetzeko neurriak aurkezten ditu, hala nola ETEei laguntzea ordainsarien gardentasunari buruzko zuzentaraua aplikatzen, eta Geratzeko Eskubideari buruzko hurrengo ekimena eta EBren Gazteentzako 2027aren ondoko Estrategia aurkeztea.