EBren arabera, Europako estatu gehienek ez dute ezarri zehapen-araubiderik, eta horrek zaildu egiten du gasaren eta petrolioaren hornidurak eragindako arriskuen ebaluazioa.
Alderdi interesdunek antzemandako arriskuei aurrea hartzeko eta arauak aplikatzean dauden zailtasunak konpontzeko, bi gomendio aurkeztu ditu Batzordeak EBko herrialdeei gidalerro batzuk emateko arauak betetzeko orduan eta zehapen-araubideen arloan aplika ditzaketen irtenbideei buruz. Gomendio horien artean, nabarmentzekoa da gasa eta petrolioa inportatzen duten enpresei metanoa isurtzeagatik ezarritako isunak –metanoari buruzko erregelamenduan jasotzen direnak– 3 urtez eteteko proposamena.
Gomendio horien bidez, esparru argi, aurresangarri eta fidagarri bat ezarri ahal izanen da metanoari buruzko EBren erregelamendua eraginkortasunez aplikatzeko. Erregelamendu hori funtsezko tresna da berotze globala eragiten duten emisio kaltegarriak murrizteko, bai eta horniduraren segurtasuna areagotzeko ere, metano-ihesen arazoari aurre eginez.
Argitaratutako gomendioen arabera, beharrezkoa da metano-emisioak modu pragmatiko, arin eta errentagarrian murriztea, ingurumena eta energia-segurtasuna babesteko. Halaber, gomendio horietan, kontuan izan dira 2025eko abenduan eta 2026ko ekainean EBko energia-ministroekin izandako eztabaidak eta osatu egin dira Erregelamenduaren inportazio-betekizunei buruzko orientabideak, zeinak 2026ko martxoan eguneratu baitziren. Hala, bermatzen da Erregelamenduaren aplikazioa koherentea, argia eta erraza izanen dela EB osoan.
Lehen gomendioa
Lehen gomendioaren bidez, segurtasuna eta argitasuna eskaintzen zaie petrolio-, gas- eta ikatz-inportatzaile eta -hornitzaileei, bai eta estatu kideei ere. Hala, modu errazean frogatu ahal izanen dute 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzen hasiko den erregelamenduan ezarritako betebeharrak betetzen direla. Gomendio horretan, jarraibideak ematen dira, halaber, enpresa inportatzaileek agintari nazionalen aurrean betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko erabiltzen ahal dituzten irtenbideei buruz, eta estatu kideei hainbat irizpide ematen zaizkie irtenbide horiek ebaluatu ahal izateko. Ez da eskatzen molekula, entrega edo kargamentu espezifikoen trazabilitate fisikorik.
Bigarren gomendioa
Bigarren gomendioan, argitu egiten da estatu kideek nola eten ditzaketen ez-betetzeen ondorioz ezarritako isunak, hala, horniduraren segurtasuna bermatzeko. Gomendioaren arabera, Erregelamenduan eskatzen den bezala, zehapenek proportzionatuak izan behar dute aurrerantzean ere, eta ez dute arriskuan jarri behar horniduraren segurtasuna. Hala, estatu kideei gomendatzen zaie hiru urtez eten ditzatela ez-betetzeengatik ezarritako zehapenak (2027tik 2029ra), hornidura eten ez dadin. Hori horrela izanik, indarrean jarraitzen dute betebehar guztiek, eta beharrezkoa da horiek betetzea.