Aurten aurkeztuko dira ondorioak, EBko langileen lan-baldintzak, laneko osasuna, segurtasuna eta, oro har, langileen eskubideak hobetzeko helburuarekin.
Europako Batzordeak abian jarri du laster onartu asmo den Kalitatezko Enpleguaren Legeari buruzko bigarren kontsulta-fasea, gizarte-solaskideen ekarpenak jasotzeko. Aurten aurkeztuko da proposamena, zeinak helburu izanen baitu EBko langileen lan-baldintzak, laneko osasuna eta segurtasuna eta, oro har, langileen eskubideak hobetzea.
EBren lehiakortasuna eta oparotasuna hobetzeko estrategia zabalago baten barruko ekimena da, eta Ursula von der Leyen presidenteak iragarri zuen, Batasunaren egoerari buruzko 2025eko hitzaldian. Hain zuzen, EBren lehentasunezko bost ekintza-arlori buruzko kontsulta eginen da:
- Kudeaketa algoritmikoa eta adimen artifiziala, lan-eremuan gardentasuna bermatzeko, erabaki automatizatuak hartzean pertsonetan oinarrituriko ikuspegia kontuan hartzeko eta langileak gehiegizko zaintzaren aurrean babesteko.
- Laneko segurtasuna eta osasuna, enpresen instalazioetatik kanpoko lantokiei buruzko araudia eguneratuz eta arrisku espezifikoei helduz (adibidez, telelanarekin eta arrisku psikosozialekin lotutakoak; besteak beste, laneko sexu-jazarpena)
- Azpikontratazio-kateetako langileen eskubideak, hobekuntzak eginez gardentasunean, erantzukizunean eta lan-esplotazioa prebenitzeko araudiaren aplikazioan.
- Bidezko trantsizio digitala eta ekologikoa, gaitasunak landuz eta elkarrizketa soziala sustatuz, bermatu ahal izateko enpresak etengabe aldatzen den ekonomiara egokitzean ez dela langilerik atzean geratuko.
- Araua betetzearen garrantzia eta gizarte-solaskideen papera azpimarratuko da, lan-ikuskapenak areagotuz, enpresa enplegatzaileei zehapenak jarriz ez-betetzeengatik eta elkarrizketa soziala indartuz.
Gizarte-solaskideei kontsulta egiteko bigarren fasea irailaren 28an amaituko da. Kontsulta-fase horren ondoren, gizarte-solaskideek aukera izanen dute negoziatzen hasteko, akordio bateratu bat lortzeko helburuarekin. Kontsultaren lehen fasea 2025eko abenduan eta 2026ko urtarrilean izan zen, eta EB mailako 34 gizarte-entitate solaskideren ekarpenak jaso ziren (12 sindikatu eta enpresaburuen 22 elkarte).