Nekazaritzako ekoizpen sektoreak ongarrien erosketaren kostu gehigarrien % 80ra arteko likidezia laguntzak jasotzen ahalko ditu.
Euroganberak urgentziazko prozeduraren bidez izapidetu ditu Europako Batzordeak proposatutako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) aldaketak, nekazari profesionalek garaiz jaso ahal izan ditzaten hurrengo nekazaritza kanpainarako ongarriak eskuratzeko laguntzak.
Ekoizpenaren beherakada, elikagaien kalitatearen narriadura eta kontsumorako prezioen igoera saihesteko, nekazariek ongarrien erosketatik eratorritako kostu gehigarrien % 80ra arteko likidezia laguntzak jasotzen ahalko dituzte.
Gainera, estatu kideek % 70etik % 75era gehitzen ahalko dituzte NPEren zuzeneko ordainketen aurrerakinak, eta ukitutako nekazariei ordaintzen, eskaera aurkeztu eta berehala, urriaren 16ra arte itxaron beharrean, indarrean dauden arauek ezartzen duten bezala. Halaber, malgutasun handiagoa izanen dute hurrengo urteko zuzeneko ordainketetara bideratutako aurrekontuak egokitzeko.
Hurrengo urratsak
Proposamena aurrera atera zen: aldeko 576 boto, kontrako 62 eta 15 abstentzio. Testua EBko Kontseiluak onetsi beharko du formalki, eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jarri aurretik.
Ongarrien prezioak eragin zuzena du elikagaien ekoizpenean, ongarriak nekazaritza ekoizpeneko sektorearen ekoizpen kostuen % 16 baitira.
Europar Batasuna inportazioen mende dago, nekazaritzan erabiltzen diren ongarri nitrogenatuen % 30 eta ongarri fosfatatuen % 70 lortzeko. Aldi berean, Europako ongarrien ekoizpena gas naturalaren mende dago neurri handi batean.
Ongarrien eta energiaren prezioak gora egin du azken gertaera geopolitikoen ondorioz, besteak beste, Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso gerraren ondorioz eta, berrikiago, Ekialde Hurbileko egoeraren ondorioz –bereziki, Ormuzko itsasartearen itxierak eragindakoa–.