Euro digitalak ordaintzeko modu pribatua, segurua eta berritzailea eskainiko lieke herritarrei eta enpresei, eta, aldi berean, EBkoak ez diren hornitzaileekiko mendekotasuna murriztuko luke.

Asteartean, Ekonomia eta Moneta Gaietarako Batzordeak jarrera hartu zuen moneta bakarrerako neurrien sortari buruz, zeinak hiru espediente baititu. Euro digitala ezartzeari buruzkoa aldeko 43 botorekin, aurkako 14 botorekin eta abstentzio batekin onetsi zen.

Euro digitala diru elektronikoaren modu berri bat izanen litzateke, Europako Banku Zentralak (EBZ) jaulki beharrekoa, eta linean zein lineaz kanpo funtzionatuko luke. Lineako ordainketak kontuen sistema baten bidez prozesatuko lirateke, eta lineaz kanpoko ordainketek, berriz, zuzenean funtzionatuko lukete tokiko biltegiratze gailuen bidez. Lineaz kanpoko funtzionaltasuna eskudiru fisikoa erabiltzearen baliokidea izanen litzateke; izan ere, gailua galtzeak dirua galtzea ekarriko luke, dirua itzultzeko aukerarik izan gabe.

Finantza sistema babesteko, gehieneko muga bat ezarriko litzaioke pertsona bakoitzak izan lezakeen euro digitalen kantitateari. Europako Parlamentuko ordezkariek proposatu zuten Batzordeak muga hori ezartzea EBn, EBZaren gomendioetan oinarrituta, eta gutxienez bi urtean behin berrikustea.

Informazio gehiago