Europako Batzordea lankidetzan arituko da kontsumitzaileekin eta argitaletxeekin, 2026a amaitu baino lehen, industriaren estandarrak hobetzeko moduak aztertzeko, Europako Herritarren Ekimen (EHE) honi erantzunez: «Geldiaraz dezagun bideojokoen suntsipena».

Bideojoko modernoak argitaletxeen zerbitzarien mende egon ohi dira funtzionatzeko. Argitaletxeek zerbitzari horiei euskarria emateari uzten badiote, jokoak partzialki edo guztiz jokaezinak bihurtzen dira. Horregatik, EHEk Batzordeari eskatu zion legeria bat proposatzeko, jokalariek bideojokoez gozatzen jarraitzea bermatuko duena, argitaletxeek haientzako merkataritza euskarria eskaintzeari uzten diotenean.

Batzordearen ustez, etapa horretan, ezin du proposatu legezko betebeharrik, bideojokoak merkaturatzeari utzi ondoren jolasteko moduan mantentzeko. Horrek, gainera, jabetza intelektualeko eskubideekin du zerikusia. Egile eskubideei buruzko Europako legeriaren arabera, titularrek (entitateak nahiz pertsonak) eskubide esklusiboak dituzte beren sorkuntzen gainean. Egile eskubideez gain, jabetza intelektualeko beste eskubide batzuk ere garrantzitsuak izan daitezke, bideojoko baten hainbat alderdi bisual eta teknologiko babesten baitituzte.

EBn kontsumitzaileen babesari buruz indarrean dagoen legediak babes garrantzitsuak aurreikusten ditu, kontsumitzaileen interes ekonomikoak babesteko. Bideojokoen enpresa hornitzaileek kontratuaren iraupenaren eta deuseztatzeko baldintzen   berri eman behar diete kontsumitzaileei, bideojokoak eskuratzeko erregistratu aurretik. Eduki eta zerbitzu digitalei buruzko zuzentarauak lege baliabideak eskaintzen dizkie kontsumitzaileei, baldin eta edukia edo emandako zerbitzua ez badator bat kontratuarekin edo espero zitekeenarekin. Kontsumitzaileek beren erosketen itzulketa proportzionala jasotzeko eskubidea izaten ahal dute.

Hala ere, jokalarien kezkei heltzeko, Batzordeak hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu du bere gain.

Lehenik eta behin, harremanetan jarriko da bideojokoen industriarekin eta kontsumitzaileen ordezkariekin, industriarako jokabide kode bat prestatzeko helburuarekin bideojokoen «bizitza baliagarriaren amaiera»ren kudeaketari buruz.

Bigarrenez, Batzordea lankidetzan arituko da kontsumitzaileen elkarteekin eta agintaritzekin, kontsumitzaileak babesteko aplikatzen ahal diren eskubideei buruz sentsibilizatzeko, haien interes ekonomikoak babesten dituzten babesak barne. Batzordeak eduki eta zerbitzu digitalei buruzko zuzentarauaren aplikazioari buruzko informazioa emanen du, urtea amaitu baino lehen. Kontsumitzaileen eskubide horiek eraginkortasunez aplikatzeak enpresa hornitzaileak ere animatzen ahal ditu bideojokoak bizitza baliagarri luzeagoarekin eskaintzera eta komunitate kontsumitzaile osoaren itxaropenak asetzeko irtenbideak aztertzera.

Informazio gehiago