Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Nafarroak 201-2025 tartean garatu dituen Europako egitasmoen inguruko lehen aldiz egindako azterlana aurkeztu du.
Nafarroak 289 eskualderekin lan egin du, 2021-2025 artean Europako eta nazioarteko 442 proiektutan parte hartuta, zeinek 178 milioi euro ekarri baitizkiote. Nafarroako Gobernuaren Europar Proiektuen Bulegoak egindako “Nafarroak europar proiektuetan duen parte-hartzeari buruzko lehen azterlanaren” ondorioetako bat da hori. Azterlana Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak aurkeztu die Nafarroako enpresei eta sektore sozialari, gaur goizean, Europako finantzaketa erakartzeko haien aukera hobetzeko.
Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak eta Silvia Ojer Europar Proiektuen Bulegoko zuzendariak lagundu diote Ana Ollo lehendakariordeari aurkezpenean. Olloren hitzetan, datu horiek, alde batetik, “Europaren eta mugaz haraindiko lankidetzaren alde gobernu honek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren bidez egindako apustu estrategikoa” islatzen dute, eta, bestetik, “Foru Komunitateko sare sozioekonomiko eta instituzionalaren bizitasuna eta sentsibilitatea” egiaztatzen dute. Izan ere, sare horrek asmatu du urteotan deialdietan lehiatzen (funts horiek deialdi irekietan lortzen dira; beste batzuk bide zuzenagoetatik eskuratzen dira, hala nola Next Generation edo EGEF eta EGIF); alegia, aldi berean, Europako beste eskualde batzuekin lehiatzen eta elkarlanean jarduten. Nafarroa, ildo horretatik, hainbat arlotan duen balio erantsiagatik nabarmentzen da, hala nola I+G+b arloan, Erasmus programan, POCTEFA proiektuetan edo klima-aldaketari aurre egiteko ekintzetan.
Munduari zabalik
Hala, Europar Batasunaren 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruko europar proiektuetan parte hartzeari buruz Nafarroan lehen aldiz egindako azterlanaren ondorioak partekatu ditu Ollok enpresen ordezkaritza handi baten aurrean eta Europako 5. Astearen esparruan. “Munduari zabalik dagoen Nafarroa, ahots propioa duen Nafarroa, bere interesak defendatzen dituena eta eskualdeen arteko lankidetzan sinesten duena, horretarako apustu egiten duena eta eremu horretan lan egiten duena”, adierazi du Ollok hitzaldiaren une batean.
Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak, bestalde, “Europan Parte Hartzeko Nafarroako Ekosistema” hori sortzeko Nafarroako Gobernuak abian jarritako laguntza publikoko tresnak azaldu ditu: europar proiektuen kudeaketari buruzko espezializazio ikastaro bat, NUPekiko lankidetzan; langile espezialistak kontratatzeko enpresentzako laguntzak; aholkularitza enpresak kontratatzeko laguntzak; finantzaketa bilatzeko laguntza eta aholkularitza; Bruselarako misioak antolatzea edo sareko lan-topaketak edo networking-a Nafarroan. Era berean, Silvia Ojer Europar Proiektuen Bulegoko zuzendariak azterlanaren xehetasun teknikoak aletu ditu.
Gogoratu behar da Europaren finantzaketa lortzeko hainbat modu daudela, bai programa eragileen bidez (EGEF eta EGIF), bai Europako funtsek finantzatutako nazioko eta eskualdeko deialdien bidez (NEXT GENERATION), baita 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruaren lehia-deialdien bidez ere. Azken horiek hainbat eskualdetako entitateen partzuergoen arteko lehiaketa dira; normalean, gutxienez, hiru estatu kidetako kide izan behar dute entitate horiek. Azken modalitate horretan laguntzen die Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren Europar Proiektuen Bulegoak Foru Komunitateko zenbait entitateri eta Gobernuko departamentuei “baldintzarik onenetan lehiatzen, proposamen irabazleak aurkez ditzagun Nafarroatik”.
2021-2025 aldiko azterlan aitzindaria
Nafarroan horrelako azterlan bat egin den lehen aldia da, non Foru Komunitateko parte-hartzaileen tipologia osoa hartu baita kontuan, Nafarroako Gobernuko departamentuez eta haien sozietate publikoez gain. Halaber, Europako Batzordearen eta haren agentzia exekutiboen, enpresen, zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen, elkarteen, unibertsitateen, tokiko entitateen eta tokiko ekintza taldeen datu publikoen iturrietan ere bildu da informazioa, besteak beste.
Hauek dira datu nagusiak: 442 europar proiektu erregistratu dira guztira, 178 milioi euroko finantzaketa lortu duten Nafarroako 185 entitaterenak, eta, haietan, 38 herrialdetako 289 eskualderekin lankidetzan aritu da.
Azterlana 2021etik 2025era bitarteko aldira mugatuta dago, eta, horretarako, hainbat iturri ofizialetako datuak kontsultatu dira. Gaur egun, 52 europar programa daude, uneko prezioetan (azterlanaren uneko merkatuko prezioetan, inflazioa barne) 2,018 bilioi euroko zuzkidura dutenak; oraindik ere bi urte geratzen dira (2026 eta 2027) 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparrua azkendu arte. Beraz, Nafarroak Europan duen partaidetzari buruzko behin betiko irudia ez da 2028ra arte lortzen ahalko, urte horretan hasiko baita EBren hurrengo finantza esparrua.
Itzulkin ekonomiko osoaren % 91,1 sei programa nagusitan biltzen da: I+G+b-rako programa (H2020, lehen, eta Horizon Europe, ondotik); ERASMUS programa; Espainia-Frantzia-Andorra Interreg POCTEFA mugaz haraindiko lankidetzarako programa; ingurumenerako eta klima-aldaketarako LIFE programa; Espainia-Frantzia-Portugal-Andorra Interreg SUDOE lankidetza; eta CEF (Europa Konektatzeko Mekanismoa).
Eragileen, enpresen eta zentro teknologikoen aniztasuna
442 europar proiektuetan 678 parte-hartze izan dira (proiektu berak Nafarroako hainbat parte-hartzaile izan baititzake). Parte-hartzaileei dagokienez, enpresak dira nagusi (174) eta ondotik, unibertsitateak (119), Nafarroako Gobernua (116), eta zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak (109); sozietate publikoek 54 aldiz parte hartu dute, eta tokiko entitateek eta tokiko ekintza taldeek, 45 aldiz. Gainerakoa (61) beste entitate batzuei dagokie, hala nola Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari, klusterrei, elkarteei eta abarri.
Nafarroako Gobernuak, parte-hartze kopuruan, zentro teknologikoak gainditzen dituen arren, azken horiek finantzaketa hirukoitza lortzen dute ia, pisu handia dute-eta inpaktu handiko eta % 100eko finantzaketako programetan, hala nola Horizon Europe-n (ikerketa, garapen eta berrikuntzako proiektuak finantzatzen ditu programa horrek).
Faktore geografikoari dagokionez, Nafarroaren lankidetza gehienak Akitania Berriarekin eta Midi-Pyreneesekin (Frantzia) edo Lonbardiarekin (Italia) egiten dira, alde batera utzita, faktore distortsionatzailea delako eta eragin zentralizatzailea duelako, estatuetako hiriburua duten eskualdeak, non I+G+b-ko zentro nazional edo elkarte nazional edo estatal gehienak dauden (Paris, Ille de France Frantzian; Erroma, Lazio Italian; edo Brusela, Brusela eskualdea Belgikan).
Estatu mailan, Nafarroak Madril, Katalunia edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin aurkeztu ditu proiektu komun eta lankidetza gehienak, baita Aragoi, Andaluzia eta Valentziako Erkidegoarekin ere.
Nafarroako 5. Europako Astea
Azterlana eta ondorioak Nafarroako Europako 5. Astearen esparruan aurkeztu dira, non Foru Komunitateko herritarren eta erakundeen artean sentimendu europazalea sustatzeko jarduera programa bat antolatu baitu Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak.
5. kanpaina honetako ekitaldi guztiak eta aurkeztutako azterlana Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsulta daitezke: https://europedirectnavarra.eu/semanadeeuropa /