Europako ibilbideetan konektibitate arina lortzeko arau berriak proposatu ditu Europako Batzordeak. Gaur onartu diren hiru proposamenek eskualdeko, distantzia luzeko eta mugaz haraindiko ibilbideetarako txartelak planifikatzea eta erreserbatzea sinplifikatzen dute. Bereziki eragiten dute hainbat operadore inplikatzen dituzten treneko joan-etorrietan, eta tren bidaiariek ibilbide osoan babes handiagoa izatea bermatzen dute.

Bidaiatzeko aukera guztiak alderatzea eta alternatibarik jasangarriena aurkitzea zaila da oraindik ere EBko bidaiarientzat; batez ere, mugaz haraindiko ibilbideetan. Bereziki zaila da tren txartelen kasuan. Bidaiari askok oztopoak izaten dituzte hainbat garraio zerbitzu konbinatzeko. Zenbait konpainiatan txartelak erostea eskatzen duten tren aldaketak dituzten bidaiak erreserbatzea zaila izan daiteke; batez ere, elkarren artean deskonektatutako erreserba sistemak erabiltzen direlako eta tren enpresa jakin batzuek presentzia handia dutelako merkatuan. Bidaiariek babes mugatua dute tren operadore bat baino gehiago tartean diren ibilbideetan.

Proposamenek oztopo horiei heltzen diete, eta Ursula von der Leyen presidentearen jarraibide politikoak praktikan jartzen dituzte. Bidaia esperientzia erosoagoa izateko eta EBren helburu klimatikoetan aurrera egiten jarraitzeko, Batzordeak tren operadore anitz duten joan-etorrietarako txartel bakarra erostea ahalbidetuko duten neurriak proposatu ditu. Horrela, trenbide merkatua gardenagoa eta irisgarriagoa bihurtuko da. Bidaiariek zenbait operadoreren zerbitzu konbinatuak aurkitu, alderatu eta erosten ahalko dituzte txartel bakar batean integratuta; transakzio bakar baten bidez erosten ahalko dituzte beren lehentasuneko salerosketa plataforman. Plataforma independentea izan daiteke, edo tren operadorearen txartelak saltzeko zerbitzua. Zenbait operadorerekin egiten diren ibilbideetan konexioak galduz gero, txartel bakarra duten bidaiariek, berrikuntza moduan, beren bidaiari-eskubideen babes osoa izanen dute, laguntza, ibilbide alternatiboak, konpentsazioa eta itzulketa ere barne.

Batzordeak betebehar berriak ere ezarri ditu salerosketa plataformentzat eta operadoreentzat, txartelen erreserbarako sarbide bidezkoa eta bidaia aukera guztien aurkezpen neutroa bermatzen dituztenak. Hala, plataformei alternatibak modu neutroan erakusteko eskatuko zaie, eta, ahal denean, berotegi efektuko gasen emisioen iragazki bat sartzeko. Arauek garraio operadore guztiek salerosketa plataformekin merkataritza akordio bidezkoak, arrazoizkoak eta diskriminaziorik gabekoak egin ahal izatea bermatuko dute, eta alderantziz.

Informazio gehiago