Berriztagarrien autokontsumoko 12 komunitate ditu 100.000 biztanleko, Estatuko kopurua halako sei; hala azaldu dute Energia Komunitateen Europako IV. Kongresuan, Iruñean.

Berriztagarrien autokontsumoko 12 komunitate ditu 100.000 biztanleko, Estatuko kopurua halako sei; hala azaldu dute Energia Komunitateen Europako IV. Kongresuan, Iruñean.

Nafarroan, 12 energia komunitate daude 100.000 biztanleko, Estatuan erregistratutakoa baino sei aldiz gehiago; beraz, zifra horiei erreparatuta, Foru Komunitatea liderra da horrelako ekimenen garapenean. Hala adierazi du Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, gaur eta bihar (osteguna), Baluarten, Energia Komunitateen Europako IV. Kongresuan eta Bulego Berdeen Estatuko II. Topaketan, parte hartuko duten 300 profesionalei eta trantsizio energetikoarekin lotutako herritarrei eginiko ongietorri hitzaldian.

Entzule horien aurrean, Irujok ziurtatu du energia komunitateak “eragile estrategiko gisa finkatu direla sektore elektrikoaren barruan”. Eta horren erakusgarri aipatu du premiazko neurrien Errege Lege Dekretua, Ekialde Hurbilean hasitako gerraren ondorioz onartu berri dena. Aldaketa horrek indartu egiten du horrelako ekimenak garatzea, “epe hurbilean” ekimen horiek arautuko dituen esparru juridikoa ezartzeko konpromisoa hartzen baitu.

Era berean, aipatutako araudiak aurrerapen esanguratsuak jasotzen ditu, hala nola bi kilometroko autokontsumo erradioa bost kilometroraino zabaltzea, autokontsumo kudeatzailearen figura sortzea, eta tokiko administrazioak ekimen horien bultzatzaile gisa duen funtsezko zeregina aitortzea.

Testuinguru horretan, Irujok adierazi du energia komunitateak “beren jarduerak argi eta garbi dibertsifikatzeko bidean aurrera egiten” ari direla. Hau da, aipatu duenez, hasiera batean autokontsumo fotovoltaikorako pentsatutako figura juridikoak “egun, esparru berrietara zabaldu du bere jarduna, hala nola mugikortasun jasangarrira, biomasaren aprobetxamendura, agrivoltaikora, eskariaren agregaziora eta pobrezia energetikoaren aurkako borrokara”.  Hori guztia dela eta, kontseilariaren arabera, ekimen horiek “funtsezko eragile bihurtu dira, trantsizio energetikoa herritarrei hurbiltzeko aukera ematen baitute, eta prozesu horretan modu aktiboan parte hartzera bultzatzen baititu”. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa nabarmendu du kontseilariak, energia komunitateentzako dirulaguntzen deialdien bitartez; dirulaguntza horietarako, hain zuzen ere, 3,2 milioi euro baino gehiago jarri ditu Gobernuak 2023. urteaz geroztik.

Bestalde, Mikel Irujoren hitzetan, horrelako ekimenetarako “ingurune bereziki mesedegarria” bultzatu du eskualdeak, funtsezko hiru ardatzetan oinarritutako ekosistema, hain zuzen: finantzaketa tresnak, zuzeneko laguntzen eta zerga-kenkarien bitartez; legeria aitzindaria, aipatu ereduaren guztiz aldekoa; eta Nasuvinsak kudeatutako KEB Nafarroaren bulegoak, sustatzaileei laguntza eta aholkularitza emate dietenak. Azken batean, Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren hitzetan, ezarritako esparruak aukera ematen dio eskualdeari energia trantsizioarekin duen “konpromiso irmoan” aurrera egiteko, “gutxiago kontsumitzea, berriztagarri gehiago sortzea, eta sorkuntza banatua nahiz autokontsumoa ere bultzatuta”.