Europako Batzordeak 2026-2030 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategia berria aurkeztu du. Estrategiak bizitzako alderdi guztietan integratzen du genero-berdintasuna, bai linean, bai lineaz kanpo, hezkuntzatik eta osasunetik hasi eta lan eta bizitza publikora, eta mehatxu modernoei heltzen die, hala nola ziberindarkeriari eta adimen artifizialari lotutako arriskuei, bereziki emakumeei eragiten baitiete.
Aurrerapenak izan diren arren, Genero Berdintasunaren Europako Institutuaren zenbatespenen arabera, gaur egungo aldaketa-erritmoan, 50 urte beharko lirateke EBn erabateko genero-berdintasuna lortzeko. Estatu kideen arteko desberdintasunek ere jarraitzen dute. Estrategia berriak neurri zehatz bilakatu ditu Batzordeak aurkeztu eta 2025ean estatu kide guztiek berretsi zuten emakumeen eskubideei buruzko bide-orriko helburuak. Neurri zehatz horien helburuak dira emakume eta neskatoak ahalduntzea, gizon eta mutikoak parte hartzera bultzatzea, oinarrizko eskubideen alorreko atzerapauso ororen aurka egitea eta generoaren aldetik benetan berdinzalea izanen den Europa baterako aurrerapenak bizkortzea.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren (martxoaren 8a) aurretik aurkeztu den Estrategia 2020-2025 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategiaren esparruan oinarritzen da, zeinak barne hartzen baititu emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokari, ordainsarien gardentasunari eta sozietate kotizatuen administratzaileen artean genero-oreka hobea izateari buruzko arauak eta familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteari buruzko arauen aplikazioa, asistentzia-erantzukizunak ekitatez banatzea sustatzeko.