Haurrei babes handiagoa ematera premiatu ditu Kontseiluak Batzordea eta EBko herrialdeak, haien ongizatea areagotu eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko.

Onetsitako ondorioetan, Kontseiluak ohartarazpena egin du haur-pobreziak epe luzera izaten ahal dituen eraginen inguruan, eta finantzaketa egokia eskatu du haren inguruko politiketarako.

Kontseiluaren ondorioen arabera, haurren ongizatea bultzatzeak erresilientzia ekonomikoa indartu dezake. Mario Draghik EBren lehiakortasunari buruz egindako txostenaren arabera, Europaren epe luzerako oparotasuna, besteak beste, ekitatearen eta inklusioaren mende dago. Gainera, haurtzaroko desabantailak helduaroan mantentzeak urteko BPGaren % 3,4ko galera zenbatetsia eragiten du.

Kontseiluak argudiatu duenez, haurtzaroan inbertitzea EBren etorkizuneko lehiakortasunean, egonkortasunean eta kohesioan estrategikoki inbertitzea da. Haurren pobreziaren aurkako proiektuetarako finantzaketa egokia bermatzera premiatzen dituzte ondorioek EBko herrialdeak eta Batzordea.

Eskubide Sozialen Europako Zutabeko ekintza-planak, zeina 2021ean argitaratu baitzen, helburu bat ezartzen du EBrako: bost milioi haur gutxiagok izatea pobrezia eta gizarte-bazterketa jasateko arriskua 2030erako. Helburu horren inguruko aurrerapenak bizkortzera premiatu dituzte ondorioek EBko herrialdeak, Batzordearen laguntzarekin. Nabarmentzekoak dira, halaber, haurren pobreziaren aurka borrokatzen laguntzen ahal duten beste ekimen batzuk, hala nola Kontseiluak gutxieneko errenta egokiari emandako gomendioak eta Europako Haur Bermea.

Lehen haurtzaroko hezkuntzaren eta zaintzaren garrantzia azpimarratzen dute ondorioek, haur guztiek emaitza sozioekonomiko hobeak izatearen ikuspegitik. Horregatik, Batzordea premiatu dute estatu kideei laguntzen jarraitzera lehen haurtzaroko kalitate handiko zerbitzu irisgarri, inklusibo eta eskuragarrietan inbertitzen, arreta berezia jarriz haur zaurgarrienetan.

Pobrezia lantzeaz gainera, ondorioek premiatzen dute Batzordea haurren adinera egokitutako ingurune digital seguru eta inklusibo bat bultzatuz haurren ongizatea hobetzera ere. Zehazki, Batzordeak nabarmendu beharko luke haurrak indarkeriatik, esplotaziotik eta onlineko eduki legez kontrako eta kaltegarrietatik babestearen garrantzia, eta, aldi berean, alfabetatze digital eta mediatiko handiagoa bultzatu beharko luke. Batzordeak adierazi duenez, onlineko eduki kaltegarriek desberdin eragiten ahal diete neska-mutikoei.