“Erasmus + Gazteria: Europa inklusibo eta solidarioa eraikiz” ekitaldian parte hartu du Europako Parlamentuak Espainian duen bulegoan, Europako gazte-programen etorkizunari buruz eztabaidatzeko

Europako proiektuaren eraikuntzan Nafarroako gazteriaren parte-hartzea indartzeko, Nafarroako Gazteriaren Institutua “Erasmus + Gazteria: Europa inklusibo eta solidarioa eraikiz” jardunaldietan izan da, Europako Parlamentuak Espainian duen bulegoan. Erakundeetako, autonomia-erkidegoetako eta gazte-elkarteetako ordezkariak eta eurodiputatuak aritu dira Europako gazte-programen etorkizunari buruz eztabaidatzen eta aipatu beharrekoa gazteen ahotsaren eta konpromisoaren garrantzia.

Txema Burgaleta NGIko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu du Erasmus + Gazteria, Europako Elkartasun Kidegoa eta bestelako Europako programa batzuk funtsezkoak direla gure gazteak ahalduntzeko. Burgaletak ekitaldian adierazi duenez, “ezinbestekoa da gazte nafarrak ekimen horiez baliatzea, baita haietan aktiboki parte hartzea ere. Parte hartu behar dute eragiten dieten erabakiak hartzeko prozesuetan eta Nafarroak konpromisoa hartzen du parte-hartze hori bideratzeko”. Ekitaldian, ekarpenak helaraziko zaizkio EBko Kontseiluari eta Europako Parlamentuari, 2028-2034 aldiko programak garatuko dituen prozesuaren testuinguruan.

Erasmus + Gazteria programak Nafarroako eta Europako beste herrialde batzuetako (besteak beste, Kroazia eta Ipar Mazedonia) gazteen mugikortasunaren eta trukearen inguruko zortzi proiektu bultzatu ditu, gidaritzako eta kiroletako jardueretan zentratuak. Ekimen horiek 250.000 euro jaso dituzte guztira laguntzatan. Bestalde, Europako Elkartasun Kidegoaren esparruan (EEK), zenbait herrialdetako gazteek boluntariotza-zerbitzu bat egiten ahal dute Nafarroan, tokiko komunitateen eta harrerako erakundeen alde lan eginez 2025. urtean. Programa horrek dirulaguntzatan jaso dituen 340.881 euroei esker, estatu kideetako eta programan parte hartu duten herrialdeetako 44 boluntario jaso dira bederatzi erakundetan.

2025ean, Erasmus + Gazteria programak, egindako ekintzen bidez (trukeak, teknikarientzako mugikortasuna, partaidetza-jarduerak), 247.493 €-ko jaso dituzten 8 proiektu finantzatu ditu; 210 pertsonak hartu dute parte proiektu horietan. Bestalde, Europako Elkartasun Kidegoaren eta haren boluntariotza- eta elkartasun-ekintzen esparruan, 366.748 €-rekin finantzatu dira 12 erakunde, 44 gazte boluntariok parte hartu dutelarik haietan. Programa horri dagokionez, Burgaletak nabarmendu du Europako programa inklusiboenetariko bat dela, aise gainditzen baititu beste sektore batzuetako datuak: EEKko parte-hartzaileen % 40 bitarte aukera gutxiko gazteak dira.

Programaren aplikazio-aldia kontuan hartuz (2021etik gaur arte), 2 milioi eurotik gorako finantzaketa jaso da (1.265.558 euro EEKrentzat + 789.501 euro Erasmus + Gazteriarentzat) eta 1.202 pertsonak (212 + 990) parte hartu dute ekimenetan.

Programa horiek inpaktu nabaria dute Nafarroan: Erasmus + Gazteriari buruzko RAY txostenak adierazten duenez, gazteek esperientzia horietan parte hartzeak, garapen pertsonala bultzatzeaz gainera, gizarte zibilean eta prozesu demokratikoetan duten esku-hartzea indartzen du.. Horrek gazteen europar nortasunaren kontzientzia areagotzen du, eta hori, Burgaletak adierazi duenez, “gure ustez funtsezkoa da etorkizun kohesionatu eta solidarioa eraikitzeko”.

Cascarrias, Europako Elkartasun Kidegoaren proiektu bat

Cascarrias proiektua (Europako Elkartasun Kidegoaren bidez finantzatua) zuzentzen duen César Redrado Tambo Ablitasko gazteak ere parte hartu zuen jardunaldian. Proiektu solidario bat da: elkartekide ez diren gazteen taldeei aukera ematen zaie komunitatean inpaktua duen proiektu baterako finantzaketa lortzeko, erronka sozialak lantzeko eta herritartasun aktiboa bultzatzeko.

Kasu honetan, sei gaztek zuzendutako proiektu bat da, Ablitasko eta Nafarroako Erriberako beste herri batzuetako belaunaldiek garai batean izan zuten ondare natural eta kultural baliotsua zaintzea eta partekatzea duena helburu —paisaia, biodibertsitatea, tradizioa, ezagutzak eta hizkuntza—. Ondare immateriala babestean zentratzen da, eta, horretarako, belaunaldien arteko elkarrizketa eta pertsonen eta naturaren arteko harremana bultzatuko dira.

Elkartasun-proiektuek gazte-taldeek zuzendutako ekintzen garapena bultzatzen dute; 2 eta 12 hilabete bitarteko iraupena izaten dute eta erronka sozialak, ingurumenari dagozkionak, inklusioaren alorrekoak, kulturalak, osasunari buruzkoak, hezkuntza ez-formalari buruzkoak eta beste gai batzuen ingurukoak izaten ahal dira. Boluntariotza-proiektuek, aldiz, gazteak Europako erakunde sozialetara bidaltzea errazten dute. Europar Batasunak hileko dirulaguntza bat ematen du proiektuaren kudeaketa- eta exekuzio-gastuak estaltzeko.

Burgaletak bere esku-hartzearen hondarrean adierazi duenez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak “berresten du gazteek programa horietan modu aktiboan parte hartzeko duten konpromisoa, ezinbestekoak izaten jarraitu dezaten Europa inklusibo, solidario eta demokratikoago baten eraikuntzan”.