Karbono gutxi isurtzen duten Europako teknologien eta produktuen eskaria handitzeko lege-proposamen bat hartu du Europako Batzordeak. EBn fabrikazioa, enpresen hazkundea eta enplegu-sorkuntza bultzatuko ditu Industria Bizkortzeko Legeak eta, aldi berean, etorkizunerako teknologia garbiagoak eta prestatuagoak hartzen lagunduko du.
Draghi txostenaren gomendioekin bat etorriz, «EBko fabrikazioaren» eta karbono-emisio baxuen inguruko eskakizun espezifiko eta proportzionatuak ezartzen ditu Industria Bizkortzeko Legeak kontratazio publikorako eta laguntza publikoko sistemetarako. Eskakizun horiek sektore estrategiko jakin batzuetan aplikatuko dira (zehazki, altzairuaren, porlanaren, aluminioaren, automobilen eta zero karbono-emisio garbiko teknologien sektoreak) eta, aldi berean, energia asko kontsumitzen duten beste sektore batzuetara (adibidez, gai kimikoen sektorea) zabaltzeko moduko esparru bat ezarriko da. Hala, Europaren ekoizpen-ahalmenak sendotuko dira eta Europan fabrikatutako teknologia eta produktu garbien eskaera bultzatuko da. Estatu kideek baimenak emateko prozesu digital bakar bat ezartzearen eskakizuna jasotzen da Legean, fabrikazio-proiektuak bizkortu eta errazteko.
Industria Bizkortzeko Legearen helburua da EBn balio-sorkuntza areagotzea, gure industria-oinarria sendotzeko mundu mailan gero eta lehia desleialagoa nagusitzen ari den eta EBkoak ez diren hornitzaileekiko mendekotasuna gero eta handiagoa den testuinguru batean, sektore estrategikoei dagokienez. Beraz, epe luzerako hazkunde ekonomikoa, oparotasuna eta segurtasuna egituratzeko estrategia bat da. 2024an, EBko BPGaren % 14,3 zen manufaktura-industria; horrenbestez, funtsezko egitekoa du Europaren erresilientzia ekonomikoan, berrikuntzaren bizi-zikloan eta industria-ehunean. Hemendik eta 2035era EBn manufaktura-industriaren proportzioa % 20 bitarte areagotzeko helburua ezarri du Legeak.
Bestalde, EBren merkatua mundura irekienetako bat da oraindik ere, eta konpromisoa hartu du irekidura hori mantentzeko sendotasun ekonomikoaren eta erresilientziaren funtsezko motor gisa. Proposamenak, Draghi txostenarekin bat etorriz, elkarrekikotasun handiagoa bultzatzen du kontratazio publikoan, tratu-berdintasuna eskaintzeko EBko enpresei beren merkatuetarako sarbidea ematen dioten herrialdeei. Bazkideek, Kontratazio Publikoari buruzko Akordioa sinatu badute, kontratazio publikoan parte hartzen ahal dute; Munduko Merkataritza Antolakundearen tratatu bat da, kontratazio publikorako elkarrekiko sarbidea bermatzen diena kideei. Beste esku-hartze publiko batzuei dagokienez —bereziki, sistema publikoak eta enkanteak—, bazkideak Industria Bizkortzeko Legearen aplikazio-eremuan sartzen ahal dira, baldin eta merkataritza askeko akordio bat edo aduana-batasun bat hitzartu badute EBrekin.
Atzerriko inbertsio zuzenak irekita jarraituko duen arren, sektore estrategikoetako inbertsio handietarako (100 milioi eurotik gorakoak) baldintzak ezartzen ditu Legeak, herrialde batek munduko manufaktura-ahalmenaren % 40 baino gehiago kontrolatzen duenerako. Inbertsio horiek kalitate handiko lanpostuak sortu behar dituzte, berrikuntza eta hazkundea sustatu behar dituzte eta balio erreala sortu behar dute EBn, teknologia eta ezagutzak transferituz eta tokiko edukiari buruzko eskakizunak betez. Gainera, gutxienez % 50eko Europako enplegu-maila bermatu behar dute, baita enpresek, herritarrek eta inbertitzaileek merkatu bakarrerako sarbidea izatea ere. Modu horretan, EBren segurtasun ekonomikoa eta hornidura-katearen erresilientzia indartzen ditu Industria Bizkortzeko Legeak.