Kontseiluak formalki onetsi du Europako Klimaren Lege aldatua, tarteko helburu klimatiko lotesle bat txertatu duena 2040rako: berotegi-efektuko gasen (BEG) emisio garbiak % 90 murriztea 1990eko mailekiko. EBk ekonomiaren sektore guztietan 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko egindako ibilbidea indartzen du helburu berri honek.
2036tik aurrera, kalitate handiko nazioarteko kredituak erabiltzen ahalko dira, EBren 1990eko emisio garbien % 5 bitarteko mugarekin, 2040ko helburura asmo handiz eta modu errentagarrian laguntzeko. Hau da, emisio-murrizketen gutxienez % 85 EBn egin behar dira. BEGak herrialde kideetan murrizteko jarduera sinesgarrietan oinarritu behar dira kredituak, Parisko Akordioarekin bat etorriz.
Batzordeak 2030etik aurrerako lege-proposamenak prestatzeko garaian kontuan hartu beharreko beste funtsezko elementu batzuk ezartzen ditu lege klimatiko aldatuak, zeinak lehentasun hauetan zentratzen baitira, besteak beste: lehiakortasuna, sinplifikazioa, gizarte-ekitatea, segurtasun energetikoa eta irisgarritasuna. Elementu horien artean ditugu:
- Karbono-ezabatze iraunkorrak, EBn oinarrituak (atmosferatik karbono dioxidoa atzitu eta modu iraunkorrean biltegiratzen duten prozesuak), EBren emisioen merkataritza-sisteman murrizten zailak diren hondar-emisioak konpentsatzeko.
- Malgutasun handiagoa sektore eta tresnetan eta haien artean, helburuak erraz eta modu errentagarrian lortzen laguntzeko.
Lege klimatiko aldatuak, bestalde, urtebete aldatu du errepideko garraiorako, eraikinetarako eta beste sektore batzuetarako EBko emisioen merkataritza-sistema (ETS2) erabateko funtzionamenduan sartzeko data: 2027tik 2028ra aldatu du.