Lizarrako Urederra egoitza berriak egungo Santo Domingo egoitza ordeztuko du eta 65 adineko pertsonarentzako lekua izanen du. Proiektua Nafarroako Gobernuaren inbertsioari esker ari dira eraikitzen. Inbertsio horretako 10,1 milioi euro Europako funtsetatik datoz, eta beste 760.000 euro funts propioetatik bideratuko dira instalazioen ekipamendura eta altzaritara.
Bisitan zehar, Chivite lehendakariak hau adierazi du: “lanak erritmo onean doaz eta epeak beteko ditugu udaren ondoren martxan jarri ahal izateko. Egoitza abangoardista da. Etxe baten antzik handiena izan dezan eraikitako eraikina. Hedatu nahi dugun etorkizuneko eredua. Estandar berri bat da adineko pertsona mendekoei zuzendutako zerbitzu publikoan”.
Esparru publikoaren garrantzia ere nabarmendu du, zera azpimarratuz: “egoitza hau % 100 publikoa da, bai azpiegituran bai kudeaketan. Obra honetan bakarrik 10 milioi euro baino gehiago inbertitzen ari gara Europako funtsei esker. Beraz, Nafarroako Gobernuarentzat legegintzaldiko proiektu handia da Eskubide Sozialetako Departamentuan. Baina ez da bakarra: legegintzaldi honetan 25 eguneko zentro berri ireki ditugu eta beste hiru berritu. Nafarroako geografia osoan zehar sakabanatuta daude eta lurralde-kohesiorako funtsezko elementuak dira. Gure herriek etorkizuna izatea nahi badugu, mota honetako zerbitzu publikoz hornitu behar ditugu”, esan du Chivitek.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak adineko pertsona mendekoei eta haien familiei bideratutako baliabideak indartzeko duen konpromisoa berretsi du lehendakariak, eta hau nabarmendu du: “egoitzetako plazak hitzartzeko aurrekontua duela hamar urtekoa halako bi baino gehiago da, 42 milioitik 94 milioira iragan baita; hitzartutako plazak % 43 handitu dira, orain 544 baitira; eta familiei egoitzen kostuari aurre egiteko bideratutako prestazioak ere bikoiztu egin dira, ia 12 milioi eurorekin, 2015ean bideratzen ziren 6 milioien aldean”.
Urederra egoitza 6.263 metro koadroko lurzatian dago eta 65 plaza izanen ditu, 5 bizikidetza-unitatetan banatuta (horietako hiru 15 erabiltzailerentzat eta bi 10entzat). Gelen % 96 banakakoak dira, eta 14,4 m²-ko azalera dute. Gainera, bost gela bikoitz diseinatu dira (bat bizikidetza-unitate bakoitzeko), 20,65 m² inguruko azalerarekin. Birgaitzearen diseinuan ingurunearen integrazioa lehenetsi da, leiho ugarirekin eta eremu beiradunekin, argitasuna eta kanpoko ikuspegiak emateko. Kanpoko lorategi-eremuan ere arreta handia jarri da, erabiltzaileen ongizaterako gune gisa pentsatuta.
Eraikina 1980an eraiki zen eta garaiko arkitektura-diseinuari erantzuten dio; hasiera batez Bigarren Hezkuntzako institutu bat izateko pentsatu zen, nahiz eta bere azken aldi erabilgarrian Oncineda udal-aterpetxea hartu zuen. Adinekoen egoitza gisa egokitzeko, erabat eraberritzea aurreikusi da, bai barrualdean bai kanpoaldean. Hala ere, jatorrizko egitura eta fisionomia mantendu dira, eraikitako guneak eta lorategi-guneak tartekatzen dituena. Esku-hartze nagusian barruko banaketa aldatu da; fatxadaren eta eraikinaren inguratzailearen birdiseinuak, berriz, estetika zein funtzionaltasuna hobetzen ditu.