Europako Batzordeak behin-behinean egiaztatu du TikTok-ek Zerbitzu Digitalen Erregelamendua urratzen duela, bere diseinu adiktiboagatik. Horrek barne hartzen ditu korritze infinitua (“infinite scroll”), erreprodukzio automatikoa, push jakinarazpenak eta gomendio-sistema oso pertsonalizatua.
Arriskuen ebaluazioa
Batzordearen ikerketak behin-behinean adierazten du TikTok-ek ez zuela behar bezala ebaluatu ezaugarri adiktibo horiek nola kalte dezaketen erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentala, adingabeak eta heldu zaurgarriak barne.
Adibidez, erabiltzaileak eduki berriarekin etengabe “saritzean”, TikTok-en diseinu-ezaugarri batzuek korritzen jarraitzeko bulkada elikatzen dute, eta erabiltzaileen garuna “pilotu automatiko modura” iraganarazten dute. Ikerketa zientifikoak erakusten du horrek jokabide konpultsiboa eragin dezakeela eta erabiltzaileen autokontrola murriztu.
Gainera, bere ebaluazioan, TikTok-ek ez zituen aintzat hartu aplikazioaren erabilera konpultsiboa adierazten duten adierazle garrantzitsuak; hala nola adingabeek TikTok-en gauez iragaten duten denbora, erabiltzaileek aplikazioa irekitzen duten maiztasuna eta beste zenbait adierazle potentzial.
Arriskua arintzeko neurriak.
Badirudi TikTok-ek ez duela neurri arrazoizko, proportzionatu eta eraginkorrik ezarri bere diseinu adiktiboak eragindako arriskuak arintzeko.
Adibidez, dirudienez, TikTok-en egungo neurriek —bereziki pantaila-denbora kudeatzeko tresnek eta guraso-kontroleko tresnek— ez dituzte eraginkortasunez murrizten TikTok-en diseinu adiktiboaren arriskuak. Denbora kudeatzeko tresnek ez dirudite eraginkorrak erabiltzaileei TikTok-en erabilera murrizten eta kontrolatzen laguntzeko, erraz baztertu baitaitezke eta tirabira mugatua eskaintzen baitute. Era berean, guraso-kontrolak ez dira eraginkorrak izanen, gurasoen aldetik denbora eta trebetasun gehigarriak eskatzen baitituzte kontrol horiek ezartzeko.
Une honetan, Batzordeak uste du TikTok-ek bere zerbitzuaren oinarrizko diseinua aldatu behar duela. Esaterako, ezaugarri adiktibo nagusiak —“korritze infinitua”, adibidez— pixkanaka desaktibatuz, “pantaila-denbora” murrizteko etenaldi eraginkorrak ezarriz (baita gauean ere) eta bere gomendio-sistema egokituz.
Behin-behineko ondorio horiek ez dute ikerketaren azken emaitza aurretik juzgatzen.
Batzordearen behin-behineko iritziak sakoneko ikerketa batean oinarritzen dira; ikerketa horretan aztertu dira TikTok-en arriskuak ebaluatzeko txostenak, barneko datuak eta dokumentuak, baita TikTok-ek informazio-eskaera askori emandako erantzunak ere; gaiari buruzko ikerketa zientifiko zabala berrikusi da; eta elkarrizketak egin dira hainbat arlotako adituekin –baita jokabide-adikzioaren arloko adituekin ere–.