Kontseiluak bi erabaki hartu ditu, EB-Mercosur Elkartze Akordioa (APEM) eta EBren eta Mercosurren arteko Bitarteko Merkataritza Akordioa (ATI) sinatzea baimentzeko.
Oro har, akordio horiek mugarri garrantzitsuak dira EBk Mercosurreko kideekin (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) duen harreman luzean. Indarrean sartzen direnean, elkarrizketa politikorako, lankidetzarako eta merkataritza-harremanetarako esparru bat ezarriko dute, elkartze moderno eta integral baten barnean.
Europako Parlamentuak onartu beharko ditu akordioak, Kontseiluak formalizatu ahal izan baino lehen. Halaber, EBko estatu kide guztiek berretsi beharko dute APEMa indarrean sar dadin.
APEMek elkarrizketa politikoa, lankidetza eta sektore-partaidetza integrala esparru bakar batean batzen ditu. Merkataritzarako eta inbertsiorako esparrua ere izanen da, eta erabat aplikatuko da akordioa azkendu eta indarrean sartzen denean.
Xedapen horiek honako arlo hauetako lankidetza indartuko dute: garapen jasangarria, ingurumena eta klimaren aldeko ekintza, eraldaketa digitala, giza eskubideak, mugikortasuna, terrorismoaren aurkako borroka eta krisien kudeaketa. Elkarrizketa politikoari buruzko xedapenek koordinazio estuagoa sustatuko dute erronka globalei dagokienez, hala nola klima-aldaketari, bakea mantentzeari eta migrazioari dagokienez. Esparru horrek, halaber, jardunbide egokien truke sendoa sustatuko du, hala nola gobernantzari eta berrikuntza teknologikoari begira. APEMek, halaber, EBren eta Mercosurren arteko koordinazioa indartuko du foro aldeaniztunetan, eta plataforma egituratuak eskainiko ditu elkarrizketa sektorialerako.
Hartutako erabakiari jarraiki, EBk akordioa sinatuko du eta politika- eta lankidetza-kapitulu gehienak behin-behinean aplikatuko ditu, berresteko prozedurak akitu artean.
Mercosurreko kideekin (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) egindako akordioak munduko merkataritza askeko eremurik handiena sortuko du, 700 milioi kontsumitzaile baino gehiagoko merkatua barne hartuko baitu. EB Mercosurreko bigarren kide garrantzitsuena da ondasunen merkataritzari dagokionez, eta Mercosurreko merkataritza osoaren ia % 17 izan zen 2024an. Urte horretan bertan, EBk 111.000 milioi euro baino gehiagoko salerosketak izan zituen Mercosurrekin: 55.200 milioi euro esportazioetan eta 56.000 milioi euro inportazioetan; bi blokeen arteko ondasunen merkataritzaren hazkundea % 36tik gorakoa izan da 2014. urteaz geroztik. 2023an (datuak eskuragarri dituen urte berriena), EBren eta Mercosurren arteko zerbitzuen merkataritza 42.000 milioi eurotik gorakoa izan zen.
EBren eta Mercosurren artean elkartze-akordio bat lortzeko negoziazioak 1999an hasi ziren. Arrakastaz burutu ziren 2024ko abenduaren 6an, eta bi tresna paralelo eta juridikoki desberdin sortu zituzten: EBren eta Mercosurren arteko elkartze-akordioa (APEM), elkarrizketa politikoa, lankidetza eta merkataritza uztartzen dituena, eta Bitarteko Merkataritza Akordioa (ATI), merkataritza- eta inbertsio-konpromisoak jasotzen dituena eta APEM indarrean sartu aurretik aplikatzeko diseinatua.