Azken Eurobarometroaren arabera, pertsona zaurgarrien babesak kezkatzen du Europako biztanleriaren zati handi bat.
Alderdi hauetan zentratu zen EB mailako inkesta: kontsumitzaileek zerbitzu energetikoei buruz zer pertzepzio duten, energiaz hornitzen duten enpresak hautatzeko garaian zer informazio-iturri erabiltzen dituzten eta kontsumitzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko energia-merkatuek zer alderdi hobetu ditzaketen.
Inor atzean utzi gabe energia garbirako trantsizioa bizkortzeko, funtsezkoa da herritarren portaera ulertzea eta energiaren merkatuan konfiantza izatea. Inkestaren arabera, europarren % 38k pobrezia energetikoko egoeran dauden kontsumitzaileak eta kontsumitzaile zaurgarriak hobeki babestea nahi dute. Energia-fakturak argiagoak eta gardenagoak izatea da energiaren merkatuan hobetu beharreko bigarren alderdia, inkestari erantzun dioten pertsonen heren batek bakarrik ulertzen baititu erabat fakturak.
Energiaren merkatuari eta enpresa energia hornitzaileei zaien konfiantzari dagokionez, alde handiagoak daude emaitzetan. Bi herenek baino gehiagok konfiantza dute elektrizitatea eta gasa hornitzen duten enpresek arrazoizko prezioak eskainiko dizkietela, baina enpresa horien izen ona eta zerbitzuaren kalitatea prezioa baino garrantzitsuagoak dira.
Ondorioetan garbi gelditu da beharrezkoak direla komunikazio argiagoa, kontsumitzaileen babes hobea eta prozesu sinplifikatuagoak, energia garbiago baterako trantsizioa errazte aldera. Eskuragarritasuna, kontsumoaren babesa, ahalduntzea eta bestelako gai garrantzitsu batzuk funtsezkoak izanen dira Etxebizitza Eskuragarrien hurrengo Europako Planean, baita herritarrentzako energia-paketean ere.
2025eko ekainaren 30etik uztailaren 15era bitartean egin zen Eurobarometroa, 27 estatu kideetan. Telefono bidezko (finkoetara eta mugikorretara) 18.250 elkarrizketa egin ziren guztira.