Europako Kontseiluak eta Parlamentuak behin-behineko akordio politiko bat lortu dute ordainketa-zerbitzuei buruzko EBren legedia indartzeko.

Arau berrien helburua da hobeki borrokatzea ordainketetako iruzurren aurka, gardentasuna areagotzea komisioetan eta kontsumitzailearen babesa indartzea ordainketa-zerbitzuen sektorean. Eguneraketa lagungarria izanen da, halaber, berrikuntza teknologikoa bultzatzeko esparru horretan.

Gaurko akordioak ordainketa-zerbitzuen erregulazio berri bat sortu du eta lehendik zegoen ordainketa-zerbitzuei buruzko zuzentaraua (PSD2) aldatu du, ordainketa-esparru berri bat sortze aldera.

Proposamenen bidez iruzurraren aurkako esparru integral bat ezarri nahi da, ordainketen inguruko iruzur-mota berrien aurka egiten lagunduko duena. Izan ere, iruzur horiek gero eta ohikoagoak dira; haietako bat da, adibidez, identitatea ordeztuz iruzur egitea. Kasu horietan, bezero baten ordainketa-zerbitzuen hornitzailea izatearen itxurak egiten dituzte iruzurgileek haren konfiantza eskuratzeko eta erabiltzailea engainatzen dute iruzurrezko finantza-eragiketak egin ditzan.

Beste neurri batzuen artean, iruzurrari lotutako informazioa partekatu beharko dute ordainketa-zerbitzuen hornitzaileek. Ordainketa-kontuen IBAN zenbakiak dagokion banku-kontuaren izenarekin alderatu beharko dira edozein transferentzia egin aurretik, eurotan egiten diren berehalako ordainketen transferentziekin egiten den bezala. Kontsumitzaileei babes handiagoa emateko, ordainketa-zerbitzuen hornitzaileak izanen dira erantzuleak, ez badituzte betetzen prebentzio-tresna batzuen erabileraren inguruko betebeharrak.

Azkenik, lineako plataforma eta bilaketa-motor nagusiek finantza-zerbitzuak iragar diezazkiekete kontsumitzaileei estatu kide jakin batean, betiere zerbitzu horiek eskaintzen dituen enpresa behar bezala araututa eta baimenduta badago estatu kide horretan.

Informazio gehiago