Kontseiluak neurri sorta zabal bat onartu du, hemeretzigarrena, banakako 69 neurri berri eta neurri ekonomiko murriztaile ugari biltzen dituena, Errusiak Ukraina legez kanpo inbaditzea bultzatzen duten sektore garrantzitsuei zuzenduta, hala nola energiari, finantzei eta konplexu militar industrialari. Halaber, Europar Batasunean zehar dabiltzan diplomazialari errusiarren gaineko kontrola indartzen ari da Kontseilua, eta adingabeko ukrainarren bahiketaren arduradunen aurkako neurri gehiago hartzen ari da.
Sortaren bidez Kontseiluak neurri gehigarriak ezarri zizkion Bielorrusiari ere, Errusiaren gerra-saiakerari ematen dion laguntza murrizteko.
Sorta horrek Errusiak Ukrainaren kontra egin duen eraso gero eta handiagoari erantzuten dio, bereziki, duela gutxi nahita azpiegitura zibilen kontra (energia, ur eta osasun instalazioak, adibidez) zuzendutako kanpaina militar basatiari. Eraso hauek sufrimendu larria eragin diote biztanleria zibilari, eta are gehiago nabarmentzen dute Errusiak bakea lortzeko erakutsitako arbuioa.
2024ko abenduaren 19ko ondorioetan, Europako Kontseiluak berretsi egin zuen irmoki gaitzesten duela Errusiak Ukrainaren kontra abiatutako gerra, Nazio Batuen Gutunaren urraketa nabarmena baita hura, eta berretsi egin zuen etengabe babesten duela Ukrainaren independentzia, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna, nazioartean onartutako mugen barruan. Europako Kontseiluak berretsi egin zuen, halaber, EBk konpromiso irmoa duela Ukrainari eta haren herritarrei etengabeko laguntza politikoa, finantzarioa, ekonomikoa, humanitarioa, militarra eta diplomatikoa emateko, behar den denboran eta behar den intentsitatearekin. Errusiak ez du nagusitu behar.
Europako Kontseiluak berretsi egin zuen Nazio Batuen Gutunean eta nazioarteko zuzenbidean oinarritutako bake oso, zuzen eta iraunkor baten alde dagoela, Ukrainako Bake Formularen printzipio eta helburu nagusien ildotik, eta printzipio hau nabarmendu zuen: Ukrainari buruzko ekimen bakar bat ere ez da onartuko Ukrainarik gabe. Horretarako, EBk eta estatu kideek ahalegin handia eginen dute nazioartean proiektatzeko, eta Europako segurtasunari eragiten dioten eztabaidetan parte hartuko dute.
Europar Batasuna Errusiaren gaineko presioa handitzeko prest dago, baita zehapen gehiago ezartzeko ere.