Nafarroak hartu berri du Europako Plan4CET proiektuaren “Mentoring Programme”. Nazioarteko topaketak aukera eman du foru-komunitatearen energia-trantsizioaren eta klima-ekintzaren arloko esperientzia eta konpromisoa erakusteko, eta ahalbidetu du, orobat, lankidetza indartzea Europako beste eskualde batzuekin.

Nafarroako Gobernuak Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren bitartez antolatu du ekitaldia, proiektuaren Nafarroako beste hiru bazkideekin batera: Iruñeko Udala, Nasuvinsa eta Zabala Innovation Consulting. Europako zenbait herrialdetako energia-trantsizioko adituak bildu dira ekitaldian, baita tokiko eragileak ere.

Egun bat eta erdiko lanean, saioek proiektuaren funtsezko bost ardatz hauek izan dituzte: maila anitzeko gobernantza, tokiko erakundeei laguntza tekniko osoa ematea, etengabeko monitorizazioa eta hobekuntza, finantzaketa eta lankidetza publiko-pribatua.

Nafarroako Gobernuarekin batera NASUVINSAren, Iruñeko Udalaren eta Zabala Innovation aholkularitza enpresaren ordezkariek parte hartu zuten, baita Europako erakunde hauek ere: LENERG Energy Agency Nonprofit Llc. (Hungaria), Monaghan Integrated Development CLG (Irlanda), Municipiul Alba Iulia (Errumania), ACCIÓ (Katalunia) eta GoiEner (Euskal Herria).

Iruñeko topaketa Plan4CET (Planning for Climate and Energy Transition) proiektuaren barnean sartua da. Europar Batasunaren LIFE programak finantzen du, eta eskualdeko energia-plangintzarako tresnak hobetu nahi ditu. Nafarroak eginkizun aktiboa du partzuergoan; hori horrela, bere esperientzia ematen du, hain zuzen ere, energia jasangarriko politiketan eta lurralde-gobernantzan.

Plan4CET azken fasean dago, 2026ko otsailean bukatuko dena, eta haren hurrengo mugarrietan nabarmentzen da Nafarroako Energia Trantsiziorako Agentzia (NETA), pentsatua energia-eredu jasangarriranzko eboluzioa sustatzeko eta foru-komunitatetik klima-aldaketaren ondorioen kontra borrokatzen laguntzeko.

Mentoring Programme hau eginez, Nafarroak “sendotu egiten du Europako lidergoa energia-trantsizioan, eta frogatzen du erakundearteko koordinazioa, lankidetza publiko-pribatua eta gizartearen parte-hartzea funtsezkoak direla energia-eredu jasangarri eta bidezkoago baterantz aitzina egiteko”.

Informazio gehiago