Diskurtsoaren jatorrizko bertsio osoa eskuragarri dago hemen.

Testu ahoskatuak baino ez du fede emanen

Metsola presidentea:

Jaun-andreok:

Europa borrokan ari da.

Kontinente oso eta baketsu baten aldeko borroka da.

Europa aske eta independente baten aldeko borroka.

Gure balioen eta demokrazien aldeko borroka.

Gure askatasunaren eta gure destinoa geure kabuz erabakitzeko gaitasunaren aldeko borroka.

Ez zaitezte nahasi: gure etorkizunaren aldeko borroka da.

Buelta asko eman dizkiot gaiari, Batasunaren egoerari buruzko diskurtso hau hain baieztapen gogorrarekin hastea erabaki aurretik.

Azken batean, europarrok ez gaude ohituta termino horietan hitz egitera, eta ez gara eroso sentitzen horrela hitz egitean.

Gure Batasuna, funtsean, bake proiektu bat delako.

Baina, egia esan, gaur egungo mundua ezin okerragoa da.

Eta ezin ditugu makillatu europarrek egunero sentitzen dituzten zailtasunak.

Zapaltzen duten lurra mugitzen ari dela sentitzen dute.

Gauzak gero eta zailagoak direla sentitzen dute, haiek gero eta gogorrago lan egin arren.

Munduko krisiaren eragina sentitzen dute.

Bizitzaren kostua handitzearena.

Aldaketak beren bizitzetan eta karreretan duen eragina sentitzen dute.

Eta kezkagarria iruditzen zaie albistegietan ikusten dituzten gertakarien espiral amaigabea, adibidez, Gazako eszena suntsitzaileak eta Errusiak Ukraina erasotzea etengabe.

Ezin dugu egoera amaitu arte itxaron, ezer egin gabe.

Uda honek erakutsi digu ez dagoela nostalgiarako lekurik eta denborarik.

Une zehatz honetan, gudu lerroak marrazten ari dira boterean oinarritutako munduko ordena berri bat ezartzeko.

Beraz, bai, Europak borrokatu egin behar du.

Munduan duen lekua defendatzeko, nahiz eta potentzia handi asko anbibalenteak edo Europaren aurkakoak diren, argi eta garbi.

Anbizio inperialen eta gerra inperialen mundua da hau.

Mundu honetan, mendekotasunak arma gisa erabiltzen dira, gupidarik gabe.

Horregatik guztiagatik sortu behar da Europa berri bat.