Inbertsio espezifiko eta pertsonalizatu batzuek nabarmen hobetu litzakete mugikortasuna eta merkataritza-eraginkortasuna Afrika osoan. Ikerketarako Zentro Bateratuak berriki egindako azterlan batek Afrika zeharkatzen duten 11 korridore estrategikotan garapen-ekimenek izan dezaketen eragina ebaluatu zuen helburu honetarako: garraioaren eta merkataritzaren efizientzia indartzeko, karbono-aztarna murrizteko, biodibertsitatea babesteko, digitalizazioa bultzatzeko, irisgarritasuna hobetzeko, ekoizpen eremuak askatzeko eta balio-kateei laguntzeko.

Ebaluazioaren arabera, garraioan eta irisgarritasunean egiten diren inbertsioak dira emaitza nabarmenenak sortuko lituzketenak, karbono-aztarna murrizteko eta biodibertsitatea babesteko neurriekin batera. Halaber, produktibitateari ematen zaion berariazko laguntzak funtsezko onurak sor litzake, bereziki Mendebaldeko Afrikan. Bestaldetik, digitalizazioak erronka gehiago planteatzen dituela dirudi.

Aurreikusitako garraio-korridoreek Afrikako 30 herrialdetan baino gehiagotan zirkulatzen dute, eta 2022ko otsailean iragarri ziren, Bruselan izandako Europar Batasunaren eta Afrikako Batasunaren goi-bileran; Global Gateway-ren inbertsio-multzoaren zatia dira, EBren estrategia baita sektore digitalean, energetikoan eta garraio-sektorean konexio adimendunak, garbiak eta seguruak bultzatzeko mundu osoan.

Garraioa eta irisgarritasuna hobetzea omen da korridore guztietan inbertitzeko arlorik oparoena. Ebaluazioa zenbait ezaugarriren konbinazioan oinarritzen da; besteak beste, honako hauen konbinazioan: biztanleriaren hazkunde azkarra; pilaketa handia hiriguneetan eta hiriguneen artean; saneamendu-zerbitzuetarako, urerako, hezkuntzarako eta osasunerako sarbide mugatua; garraio-sare gutxi egotea; bidaia-denbora luzeak eta arrisku natural eta antropogeniko txikiak (adib. uholdeak eta gatazkak, hurrenez hurren).
Korridore guztiek etorkizun handiko ahalmena dute karbono-aztarna murrizteko eta biodibertsitatea babesteko egin daitezkeen esku-hartzeetarako. Horren arrazoia da konbinatu egiten direla CO2 bidezko kutsadura-iturriak, garraioarekin lotutako CO2 emisioak, baso-estaldura txikia eta biztanleriaren hazkunde azkarra.

Dirudienez, digitalizazioa da erronka handiena; izan ere, zenbait alderdi konbinatu behar dira: lehendik dagoen azpiegitura garatzea, arrisku natural edo antropiko gutxi izatea eta hazkunde demografiko azkarra izatea. Azterlanak nabarmendu zuenez, zuntz optikoaren sarea hobetzeak onura handiagoak ekar litzake populazio-dentsitate handiko eremuetan (hala nola kostaldeak eta hiriguneak) eta lehendik dauden errepide eta trenbideetan zehar; aldiz, sare mugikorra (antenak) eraginkorragoa izanen litzateke biztanle gutxiagoko eremuetan, urrunekoetan eta landa-eremuetan, bai eta naturagune babestuetan ere. Sare finkoen (zuntz optikoa) eta mugikorren (antenak) konbinazioa ere kasuz kasuz azter liteke.

Emaitzen arteko alderik esanguratsuena ekoizpen-eremuak desblokeatzearekin lotuta hauteman zen. Kasu honetan, konektibitate txikia duten ekoizpen-eremuek (adibidez, mineralak erauzteko tokiak edo laborantza-lurrak) dute hobetzeko ahalmen handiena. Azterketa horretatik sortu da Mendebaldeko Afrikako kluster bat, oso produktiboa izan daitekeena; lau eskualde-korridoreak barne hartzen ditu.

Informazio gehiago