Munduko ziurgabetasunaren erdian, EBko nekazaritza-merkatuak, oro har, erresilienteak dira oraindik: zerealen ekoizpena handitzen ari da, oliba-olioaren ekoizpena bizkor berreskuratzen ari da, esne-entregak egonkorrak dira eta hegazti-ekoizpeneko aukera sendoak daude. Frutek eta barazkiek bestelako bilakaera dute, eguraldi txarraren ondorioz; ekoizpen-aurreikuspenek behera egin dute azukreari, ardoari eta, neurri txikiagoan, hausnarkariei dagokienez. Munduko eta EBko merkatuen egonkortasunak mehatxu nabarmenak ditu, hala nola ezegonkortasun geopolitikoa, klimarekin zerikusia duten erronkak, eta Estatu Batuen, Txinaren eta funtsezko beste mundu-eragile batzuen merkataritza politiken bilakaera.

Europako Batzordeak txosten bat egin du (2025eko udako edizioa) EBko nekazaritza-merkatuek epe motzean duten ikuspegiaren gainean, eta hartan azaltzen da funtsezko zer alderdi dauden joera horien oinarrian, eta zer inplikazio duten EBko belarki-laboreen, labore espezializatuen eta animalia-produktuen sektoreetarako.

2025erako ikuspegi zalantzagarria dago munduko ekonomiari dagokionez, arrisku nabarmenak baitaude gatazka geopolitikoen eta merkataritza-tentsio gero eta handiagoen ondorioz, eta, testuinguru horretan, EBko ekonomiak hazkunde txikiagoa izanen duela aurreikusten da, aurreko aurreikuspenekin alderatuta (% 1,1eko hazkundea 2025ean, eta % 1,5ekoa 2026an). Bitartean, EBko elikagaien inflazioa handiagoa da inflazio orokorra baino (% 3,1, maiatzeko % 2,2aren aldean), baina nolabaiteko egonkortasuna dago, are deflazioa ere, zenbait elikagai-kategoriatan. Maila horiek historikoki altuak diren arren, EBko nekazarientzat intsumoen kostuak egonkorrak dira azkenaldian. Petrolioaren prezioak jaistea espero da, baina baliteke Ekialde Ertaineko tentsioek eragina izatea haietan. Euroaren balioa dolar estatubatuarraren gainetik dagoenez, inportatutako intsumoen kostuak murriztu litezke, eta horrek gutxitu eginen luke EBko kostuek dakarten desabantaila, esportazioko lehiakide nagusiekin alderatuta. Bestalde, moneta indartsuagoaren ondorioz EBko esportazioak garestitu litezke. Neguko laboreek errendimendu ona izatea espero da; gerta daiteke sasoi lehor luzeak udaberriko eta udako laboreei eragitea.

Informazio gehiago