Batzordeak adingabeen babesari buruzko gidalerroak aurkeztu ditu, bai eta adina egiaztatzeko aplikazio-prototipo bat ere, Zerbitzu Digitalen Legearen arabera. Horrela bermatuko da haurrek eta gazteek online munduak eskaintzen dituen aukerez gozatzen jarraituko dutela, hala nola ikaskuntzaz, sormenaz eta komunikazioaz, eta, aldi berean, online arriskuak minimizatuko direla, eduki eta portaera kaltegarriekiko esposizioa barne.

Besteak beste, gidalerroek honako hauei heltzeko gomendioak ematen dituzte:

Diseinu adiktiboa: Adingabeak bereziki kalteberak dira adikzio-portaera susta dezaketen praktiken aurrean. Gidalerroek proposatzen dute praktika horiekiko esposizioa murriztea eta online zerbitzuen gehiegizko erabilera sustatzen duten ezaugarriak desaktibatzea, hala nola mezuetako «boladak» eta «irakur markak».

Ziberjazarpena: Gidalerroek gomendatzen dute adingabeei ahalmena ematea erabiltzaileak blokeatzeko edo isiltzeko, eta ziurtatu behar da besteek ezin dituztela taldeetara gehitu haien berariazko baimenik gabe. Era berean, gomendatzen dute debekatzea kontuek adingabeek argitaratutako edukia deskargatzea edo pantaila-argazkiak hartzea, eduki sexualizatua edo intimoa baimenik gabe banatzea saihesteko.

Eduki kaltegarria: Gomendio-sistema batzuek egoera kaltegarrietan jartzen dituzte adingabeak. Gidalerroek kontrol handiagoa ematen diete gazteei ikusten dutenaren gainean, eta plataformei eskatzen diete erabiltzaileen iruzkin esplizituak lehenesteko, nabigazio-portaeraren monitorizazioan konfiantza izan beharrean. Gazte batek adierazten badu ez duela eduki mota jakin bat ikusi nahi, ez zaio berriro gomendatu behar.

Ezezagunek kontaktatzea baimenik gabe: gidalerroek gomendatzen diete plataformei adingabeen kontuak pribatuak izatea besterik adierazi ezean, hau da, lagunen zerrendan agertzen ez diren erabiltzaileek ikusteko modua ez izatea, ezezagunak harremanetan jartzeko arriskua minimizatzeko.

Gidalerroek arriskuan oinarritutako ikuspegia hartzen dute, Zerbitzu Digitalen Legeak bezala; ikuspegi horren arabera, online plataformek arrisku mota desberdinak planteatzen ahal dizkiete adingabeei, plataformaren izaeraren, tamainaren, helburuaren eta erabiltzaile-basearen arabera. Plataformek ziurtatu behar dute hartzen dituzten neurriak egokiak direla eta ez dituztela eskubideak neurriz kanpo edo bidegabe murrizten.

Adina egiaztatzeko soluzioa: Adina egiaztatzeko aplikazioaren prototipoa erabilerraza da, eta pribatutasuna babesten du «urrezko estandar» bat ezarriz adina online bermatzeko. Adibidez, erabiltzaileek erraz frogatu ahalko dute 18 urtetik gorakoak direla helduentzat bakarrik den edukia online eskuratzen dutenean, eta, aldi berean, beste edozein informazio pertsonalen kontrol osoa izanen dute, hala nola adin zehatza edo identitatea. Inor ez litzateke gai izanen erabiltzaile indibidualak kontsultatzen ari diren edukiaren arrastoari segitzeko edo eduki bera ikusteko edo berreraikitzeko.

Informazio gehiago