Alicia Echeverría Gobernuko ordezkaria eta Sergio Pérez Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia izan dira ekitaldiaren buru
“Info Day: Europako osasun-finantzaketa 2025: erronkak eta aukerak” jardunaldia egin dute gaur Navarrabiomeden. Ikerketa biomedikoko zentroak eta Navarra Health Cluster-ek antolatu dute, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren, Estatuko Ikerketa Agentziaren eta Europar Batasunaren finantzaketari eta Nafarroako Gobernuaren babesari esker. Alicia Echeverría, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, eta Sergio Pérez, Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia, izan dira jardunaldiko buruak. Jardunaldian Europako proiektuak garatzeko erronka eta aukerak ezagutzeko interesa duten osasunaren arloko ehun bat profesional bildu dira.
Parte-hartzaileen artean zeuden, besteak beste, ikerketako eta akademia- eta asistentzia-arloko profesionalak, administrazio publikoko ordezkariak eta osasuneko I+G+Bko hogei bat enpresa.
Irekiera instituzionalean, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak Horizon Europe programak irekitzen dituen bideak aipatu ditu, eta gogoratu du 2021 eta 2023 bitartean 3.416 milioi euroko itzulkina lortu zela. Horiek horrela, Espainia hirugarren dago lortutako dirulaguntzen zerrendan, Alemaniaren eta Frantziaren atzetik. Alicia Echeverríak ziurtatu du, gainera, “zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua Espainiako Gobernuaren DNAn” dagoela. “Zientziaren aldeko apustua egiten duten herrialdeek aurrera egiten dute, erresilienteagoak dira eta hobeki prestatuta daude egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, adierazi du, eta gogoratu gobernu zentralak zientziako aurrekontua bikoiztu duela 2018az geroztik.
Bere aldetik, Sergio Pérez Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak hauxe azpimarratu du: “Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzako II. Planaren (2025-2028) lan-ildoetako bat Nafarroak Europako proiektuetan parte har dezan sustatzea da, eta Europako Proiektuen Bulegoak osasunaren arloko aukerak ezagutzera ematen dituzten ekitaldiak babestea ezin hobea da Nafarroa Europan zabaltzeko; izan ere, osasuna sektore estrategikoa da Nafarroarako”.
Hitzaldiak eta kasu arrakastatsuak Jardunaldia NHCko gerente Laura Corcuerak moderatu du, eta harremanetarako gune nazional gisa jarduten duten bi profesionalek, Marta de Diegok (Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzako Zentroan, GTBZ) eta Marta Marínek (Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioan) deialdi hauen 2025eko lan-programen xehetasunak eman dituzte: Horizon Europe, Minbiziaren Misioa eta Innovative Health Initiative (IHI). Ekitaldian parte hartu du Laura Sesmak ere; Zabala Innovation aholkularitza-enpresako Europako osasun-programetan aditua da bera.
Jardunaldian, denbora hartu da Europako proposamen-eskaeren eta proiektuen kudeaketaren inguruko jardunbide egokiak trukatzeko, Europako funtsen itzulkina hobetze aldera. Zehazki, honako proiektu hauek aurkeztu dira arrakasta-kasu gisa: La Fe Osasun-ikerketako Institutuko (Valentzia) SYNTHIA, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko IMPROVE, Kataluniako Onkologia Institutuko PIECES eta Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko THERESA PCP.
“Horrelako foroak funtsezkoak dira partzuergo estrategikoak eratzea eta Nafarroak ekimen berritzaileetan parte hartzea edo, are hobeki, ekimen horien aitzindari izatea ahalbidetzen duten proposamenak garatzea errazteko, osasunaren arloan lehiatzeko dugun gaitasuna indartze aldera”, adierazi du Javier Gómez-Arrue Navarrabiomedeko zuzendariak.
Topaketari amaiera emateko, harreman-sarea handitzeko tartea hartu da, proposamen lehiakorrak garatzen diharduten askotariko agenteen artean aliantzak eta sinergiak sustatze aldera.