Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko bost profesionalek, Nafarroako Larrialdietako Zuzendariordetzakoak eta Hil ala Biziko Larrialdiei Arreta emateko Zuzendaritza Teknikokoak, prestakuntza berritzaile batean parte hartu dute berriki Tolosan (Okzitania, Frantzia). Prestakuntza hori Nafarroan Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoaren Zentroak koordinatzen duen SA-URG herrialde mugakideen proiektu europarraren esparruan antolatu da. Prestakuntza Tolosako CHUko Ingurumen Simulazioko eta Simulazio Neurosentsorialeko Zentroan (SENS) egin da. Zentro horrek hondamendi-egoeretarako zentzumen anitzeko murgilketa eskaintzen du, larrialdietako medikuntzako murgiltze-prestakuntzaren abangoardian.

Jarduera honen helburua da mugaren bi aldeetako larrialdi-taldeak entrenatzea larrialdi- eta hondamendi-egoeretan elkarrekin esku hartzeko, osasun-zerbitzuen arteko hizkuntza-, antolamendu- eta protokolo-oztopoak gaindituz. Ekimen hori Pirinioetan zeharreko osasun-ekipo mugikor bat sortzeko ekintzaren parte da. Ekipo hori azkar eta eraginkortasunez erabiltzen ahalko da biktima ugariko istripuetan, larrialdietan edo ekitaldi handietako prebentzioan.

SA-URG proiektuaren % 65 Europar Batasunak finantzatzen du Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez, eta larrialdietan eta hondamendietan osasun-arreta hobetzea du helburu, herrialde mugakideen lankidetzaren bidez eta mugaz gaindiko lurraldean larrialdiak kudeatzeko gaitasunak indartuz. Tolosako CHU da proiektuaren burua, eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaz gain, Nafarroan Navarrabiomedek eta NUPek parte hartzen dute. Partzuergoko gainerako kideak hauek dira: Baionako ospitalea, Kataluniako Larrialdi Medikoen Sistema eta Aragoiko Osasun Zerbitzua.

Informazio gehiago