European Circular Innovation Valley proiektuaren barruan antolatutako jardunaldiak Europako eskualdeek ekonomia zirkularrean duten zeregina nabarmendu du
Nafarroak, European Circular Innovation Valley proiektuaren eskualde liderra den aldetik, «Eskualdeen arteko lankidetza European Circular Innovation Valley proiektuaren barruan» jardunaldia antolatu du Bruselan asteazkenean. Topaketaren helburu nagusia izan da «Regional Innovation Valley» izenez ezagutzen diren eskualdeen funtsezko zeregina ezagutaraztea. Izan ere, beren berrikuntza ekosistemen bidez, ezinbestekoak dira ekonomia zirkularra inplementatzeko Europako eskualdeetan, eskualde mailako politiketan eta negozio-ereduetan. Gainera, ekitaldia baliagarria izan da Europar Batasuneko hainbat eskualderen arteko harremana sustatzeko, eskualdeek erronkak elkarrekin konpontzeko eta ekonomia zirkularrarekin lotutako aukera berriak sortzeko merkatu erkidean.
Nafarroako Gobernuak eta Sodena sozietate publikoak jardunaldia antolatu dute, European Circular Innovation Valley proiektuko gainerako kideekin lankidetzan, ekainaren 3tik 5era egindako 2025eko Europako Aste Berdearen barruan. Aurten, ingurumen-politikei buruzko urteroko ekitaldi horrek soluzio zirkularrak izan ditu ardatz, ekonomia zirkularra funtsezko elementua baita Europaren lehiakortasunerako.