Interes ekonomiko orokorreko zerbitzuetarako estatu-laguntzei buruzko arauen berrikuspenari buruzko iritziak biltzen ari da Europako Batzordea, zertarako eta etxebizitzaren eskuragarritasunaren gaiari heltzeko. Izan ere, inbertsio handiak egin behar dira, etxebizitzaren eskuragarritasuna lortzeko dagoen inbertsio-defizitari aurre egiteko. Horregatik, estatu-laguntzak pizgarri izan litezke behar-beharrezkoak diren inbertsioak sustatzeko.
Interesa duen edozein herritarrek, enpresak, agintari publikok edo elkartek parte hartzen ahal du iritziak jasotzeko prozesuan, datuak biltzeko deialdiari edo gaur argitaratu den kontsulta publikoko galde-sorta orokorrari erantzunez. Ekarpena 2025eko uztailaren 31ra arte egin daiteke. Datuak biltzeko deialdia eta kontsulta publikoa EBko 24 hizkuntza ofizialetan daude eskuragarri, «Esan zer pentsatzen duzun» atariaren bidez.
Estatu-laguntzei buruz indarrean dauden arauen arabera, estatu kideek hainbat modu dituzte herritarrei etxebizitzak eskuratzen laguntzeko. Interes ekonomiko orokorreko zerbitzuetarako estatu-laguntzei buruzko arauen kasuan, aukera ematen diete estatu kideei inolako konpentsazio-mugarik gabe aplikatzeko egoera ahulenean dauden pertsonendako etxebizitza sozialak sustatzeko neurriak.
Hala ere, Europako Batzordearen orientazio politikoetan bertan aitortzen den bezala, estatu-laguntzei buruzko egungo arauak ez daude egokituta estatu kideek etxebizitzaren eskuragarritasunarekin lotutako erronkei eraginkortasunez heltzeko, salbuespen bakarra etxebizitza sozialena delarik.
Interes ekonomiko orokorreko zerbitzuetarako estatu-laguntzei buruzko arauen berrikuspen espezifikoaren helburua da auziari heltzea eta, horrela, etxebizitza eskuragarrietan inbertsio berriak sustatzen laguntzea. Halaber, arauen kontzeptu jakin batzuk sinplifikatzea, eguneratzea eta argitzea ere bada berrikuspenaren helburua.