Europako Batzordeak lehengai estrategikoen inguruko EBtik kanpoko proiektu estrategikoen lehen zerrenda onartu du; 13 proiektu daude, itsasoz haraindiko herrialde edo lurraldeetakoak barne. Proiektu horietako hamar ibilgailu elektrikoetarako, baterietarako eta bateriak biltegiratzeko sistemetarako funtsezkoak diren lehengai estrategikoetan oinarrituta daude, hala nola litioa, nikela, kobaltoa, manganesoa eta grafitoa. Eta bi proiektu estrategiko lur arraroen erauzketari buruzkoak dira. Izan ere, lur arraroak funtsezkoak dira energia berriztagarrien eta mugikortasun elektrikoaren teknologietarako turbina eoliko eta motor elektrikoetan erabiltzen diren errendimendu handiko imanak ekoizteko.
Lur arraroen prozesaketa barne hartzen duten Europar Batasuneko hiru proiektu estrategikoekin batera, proiektu estrategiko gehigarri horiek EBko lur arraroen hornidurako segurtasuna handitzen ahalko dute.
Halaber, proiektu estrategikoek barne hartzen dituzte, batetik, kobrea, sare elektrikoan eta mikroelektronikan erabiltzen baita, adibidez; eta bestetik, tungstenoa eta boroa, zeinak automobilgintzan, energia berriztagarrietan, industria aeroespazialean eta defentsan erabiltzen baitira.