2025eko Energia Jasangarriaren Europako Astea ekainaren 10etik 12ra izanen da, Bruselan eta linean. Energia garbien komunitateko ahots garrantzitsuenak eta goi-mailako hizlariak bilduko ditu, ideiak trukatzeko, lankidetzan aritzeko eta Europan etorkizun energetiko jasangarria eraikitzen laguntzeko.
Batzordeak energia jasangarri eta eskuragarria sustatzeko egin dituen azken ahaleginen balantzea egiteko unea ere bada. 2022an, Europak munduko energia-merkatuaren hausturari aurre egin zionean, Batzordeak REPowerEU plana abiarazi zuen, energia aurrezteko, gure hornidura dibertsifikatzeko eta energia garbiaren ekoizpena handitzeko plana. Horren ondorioz, EBk Errusiako erregai fosilekiko mendekotasuna murriztu du, eta EBko elektrizitatearen % 47 iturri berriztagarrietatik dator orain.
Urte hartan bertan, Batzordeak arau berriak proposatu zituen, bat-bateko etenak gertatuz gero behar adina gas hornitu ahal izatea bermatzeko. Gasa biltegiratzeko arau berri horiek EBko herrialdeetako biltegiratze-instalazioak behar bezala betetzea bermatzen dute, eta EBko Energia Plataformak EBko herrialdeei merkatu globaletan elkarlanean aritzen laguntzen die.
2023an, EBk Energia Berriztagarriei buruzko Zuzentaraua berrikusi zuen, eta 2030erako energia berriztagarrien helburu loteslea igo zuen % 42,5eko gutxienekora. Horrek EBn gaur egun dagoen energia berriztagarrien kuota ia bikoiztea esan nahi du.
Energia segurua eta eskuragarria izan dadin bermatzeko funtsezko giltzetako bat hornidura-bideak dibertsifikatzea da. 2022tik, Batzordeak akordio berriak egin ditu nazioarteko zenbait bazkiderekin, hainbat iturritatik gas naturala inportatzeko.
2025ean, Batzordeak energia eskuragarria izateko ekintza-plana aurkeztu zuen; planaren helburuak dira energia-kostuak murriztea, energia-batasuna osatzea, inbertsioak erakartzea eta gerta daitezkeen energia-krisiei aurre egiteko hobeki prestatuta egotea. Plan horren asmoa 2025ean 45.000 milioi euro aurreztea da, eta hurrengo urteetan are gehiago.
Azkenik, 2024-29 aldirako, Batzordearen lehentasun nagusietako bat energia garbia eta eskuragarria izatea da, lehiakortasuna bultzatze aldera. Industria Itun Garbiak helburu hori babesten du, deskarbonizazioa eta energiaren prezioen murrizketa bultzatuz.