Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, Europar Batasunarekiko herritarren konfiantza maila azken 18 urteotako handiena da uneotan, eta, euroarekiko babesa, inoizko handiena. Egungo testuinguru geopolitikoa aintzat hartuta, gainera, europarrek Europar Batasun indartsuago eta irmoago bat nahiko lukete, eta, horretarako, defentsako eta segurtasuneko politika komun baten alde egiten dute. Era berean, europarrek uste dute bakea dela Europar Batasuna ongien ordezten duen balioa.

Azken 18 urteotako Europar Batasunarekiko konfiantza maila altuena

Europarren % 52k dute Europar Batasunarengan konfiantza, 2007tik daturik altuena. Konfiantza maila are handiagoa da 15 eta 24 urte arteko gazteen artean (% 59). Azken 18 urteotako mailarik altuenera iritsiz, europarren % 52k adierazi dute Europako Batzordearengan konfiantza dutela; ez hori bakarrik, kopuru hori are eta handiagoa da gazteen artean (% 57). Era berean, europarren % 36k diote euren herrialdeko gobernuarengan konfiantza dutela, eta, % 37k, euren herrialdeko legebiltzarrarengan.

Bestalde, inkestatutako lau herritarretatik hiruk (% 75), Europar Batasuneko herritar sentitzen direla esan dute –azken bi hamarkadotako ehuneko handiena da–.

Gainera, hamar herritarretik sei (% 62) baikorrak dira Europar Batasunaren etorkizunaren inguruan.

Europarrek irmo babesten dute euroa

Azken Eurobarometroaren arabera, euroak inoizko babes historiko altuena du uneotan herritarren artean, bai Europar Batasunean (% 74) bai eurogunean (% 83). Europar ekonomiaren gaineko pertzepzioari dagokionez, europarren % 44k uste dute egoera positiboa dela. Bien bitartean, europarren % 48k egoera negatiboa dela uste dute. Bestalde, herritarren % 43k uste dute Europako egoera ekonomikoa egonkor mantenduko dela hurrengo hamabi hilabeteetan.

Informazio gehiago