“Euroeskualdean berritzea” jardunaldiak eskualdeen arteko lankidetzaren onurak azaldu ditu Bertizen, arrakasta kasuen bidez.

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak lankidetzako eta mugaz gaindiko berrikuntzak Nafarroako eta Europako etorkizunerako duen garrantzia azpimarratu dute Navarra Innovation Week-aren (Nafarroako Berrikuntzaren Astea) bosgarren jardunaldian.

“Euroeskualdean berritzea” izenburupean, erakundeko zenbait ordezkari bildu ditu ekitaldi horrek Bertizko Jaurerrian, Nafarroako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitania Berriko Gobernuetako kide eta egitura horrek finantzatzen dituen proiektuetan parte hartzen duten Nafarroako enpresetako ordezkariekin batera.

Hasierako ekitaldian, Juan Luis García Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak aipatu du berrikuntza konektatu baten balioak partekatzen dituela Nafarroak, Europari eta munduko gainerako lurraldeei bertako ikuspuntutik begiratzeko.  “Berrikuntza ahaltsuagoa da partekatzen denean. Lankidetza gaur egun ez da aukera bat, premia estrategikoa baizik. Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Akitania Berria batzen dituen Euroeskualdeak gaitasunak bateratzeko, baliabideak osatzeko eta gure inpaktua biderkatzeko aukera erreala eskaintzen digu”, azpimarratu duenez.

Itxiera ekitaldian, Ollo lehendakariordeak zera gogoratu du: “Nafarroa 2017an sartu zen Euroeskualdean eta gaur egun bera da Euroeskualdeo buru”.  Azarotik aurrera, gainera, Nafarroak Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) lehendakaritza hartuko du, eremu zabalago batean, mugaz gaindikoa hori ere, eta, batez ere, europar bokazioarekin, “interes estrategikoagatik eta Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 7an onetsi zuen 2025-2028 II. Kanpo Ekintzaren Planarekiko koherentziagatik”. Plan horren hiru ardatzetako bat mugaz gaindiko lankidetza sustatzea da. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin ere bat eginen du, esaterako, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuarekin edo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin.

Informazio gehiago